Sua uretan piztera doaz
Traineru denboraldia hastear da, eta bi ontzi izango ditu Hibaikak, bata KAE2 Ligan eta emakumeen trainerua. Aurtengo helburuak argi ditu Errenteria-Oreretako elkarteak, Kontxako Bandera etxera ekarri eta KAE1era igotzea.
«Merezi dugu Kontxako Bandera etxera ekartzea. Saiatuko gara»
Gorka Barbado. Emakumeen entrenatzailea
Uztailaren 8an eta 9an EuskoTren Ligako sailkapen estropadak egingo dituzte. Zuen ibilbideari erreparatuta, Hibaikak bertan izateko aukera guztiak dituela dirudi, ezta?
Gure proiektuak lekua duela bertan uste dut, hor egotekoa dela, ez bada ezer larria gertatzen, barruan izango gara, EuskoTren ligan izango da Hibaika aurten ere.
Gipuzkoako Liga irabazi zuen Hibaikak iaz, baina EuskoTren Liga San Juango Batelerek eraman zuten. Aurten aukerarik ikusten duzue liga Errenteria-Oreretara ekartzeko?
Horretan saiatu, saiatuko dira arraunlariak. Oso zaila dela ezin da ukatu. Izan ere, hiru urte daramate Batelerek liga irabazten eta gogor ari dira, baina gu ere horretara goaz. Borrokatu egingo dugu, hori ziur, saiatuko gara, eta gure indar guztiekin gainera.
Kontrarioen artean zein da gogorrena, zailtasun gehien planteatzen dizkizuena?
Inongo zalantzarik gabe Batelerak. Egungo txapelduna da Donibaneko trainerua eta hari kendu behar diogu tokia, beraz. Beste taldeetan gu gaude, Orio ere, eta gora jauzia eman dezakeen beste traineruren bat ere badago. Orio eta Hibaika gara, printzipioz, orain arteko ibilbidea ikusita, Koxtapetik hurbilen egon behar dugunak.
Esperientzia handiko arraunlariak ditu Madalen-ek eskifaian. Eli Pescador izango da estropada gehien dituen emakumeetako bat.
Bai, hala da, esperientzia handiko emakumeak ditugu ontzian. Zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da taldearentzat, gainera, hainbeste urte daraman jendea izatea, horrek taldea sendotzen du, eta klabeetako bat da gauden lekuan jarraitzeko, urtez urte borrokaren lehen lerroan. Hori Hibaikan arraunean, maila ematen eta borrokatzen urteak daraman emakume talde horrek egin du posible.
Kontxako Bandera ez da lortzea posible izan, hurbil, oso hurbil izan bazarete ere. Iritsiko da?
Nik uste dut egunen batean heldu behar duela. Umiltasunez esanda, hainbeste urteetako borrokaren ostean merezi dugula uste dut. Emakumeen arraunaren barruan Kontxa etxera ekartzea merezi dugula uste dut, bertan gaudelako, segundo gutxira izan dugulako lortzeko aukera. Saiatuko gara.
Harrobiko zenbat arraunlari daude?
Harrobiko hamar arraunlari ditugu, erdia. Gurekin hasi ez, baina gurean urte mordoa daramaten arraunlariak ere baditugu.
«Gurea talde burugogorra da, eta hori da dugun armarik onena»
Alex Orena. Gizonen entrenatzailea.
Iaz, Hibaikako mutil seniorren traineruak hirugarren sailkatuta amaitu zuen denboraldia,KAE2n. Emaitzari buruzko zein irakurketa egiten duzu?
Urtetako lana da, pausoz pauso egindakoa. Seigarren bukatu genuen dela hiru urte, bosgarren dela bi, eta iaz, hirugarren. Urtetako lana izan da. Arraunlariekin ez dugu jarraikortasunik, aldaketa handiak ditugu, eta horrek asko mugatzen gaitu. Handik eta hemendik lortu dugu kuadrilla osatzea, eta haiekin lan eginda sendotzen ari gara gure tokia.
Aldaketak aipatu dituzu. Arraunlari batzuk utzita, berriak hasten dira. Maiz gertatzen den egoera da?
Gure taldean bai. Zaila da jarraipena ematea, eta horrek asko baldintzatzen gaitu.
Aurten zer espero duzue?
Hibaikak borrokatu egingo du. Izan ditugu sei baja iaztik, lau alta ere bai. Penagarria da iazko jendeak ez jarraitzea, talde horrekin nik uste dut igoeraren bila joango ginela. Jende berriarekin beste talde bat da, berriro hasi behar izan dugu, baina saiatuko gara, borrokatuko gara.
Kontrarioen artean arriskutsuena. Zeinek emango dizue lan gehien?
Talde asko dago, Camargo Kantabria aldetik, eta hemengo taldeetatik Donostiarraren bigarren ontzia, San Juan B eta Lapurdi ere bai. San Pedro B ez dakit borrokan sartuko den. Gure etsairik handiena gu geu garela uste dut, entrenatzeko arazoak izaten ditugulako neguan. Entrenamenduen %50 trainerua osatu gabe egin genuen, 11 arraunlarirekin, eta hori handicap bat da lehiatzeko.
Arraunlariei dagokienean, ez gara ez indartsuenak, ez teknikoenak, ez gara onenak ezertan, baina uste dut talde burugogorra garela. Hori da gure armarik onena.
Burugogorkeria, alegia?
Bai, hori da. Guk lortzen badugu gure burua kohesionatzea kostatuko zaie gu gailentzea, lana emango dugu, hori da gure helburua, lana ematea.
Hilaren 18an Erandion duzue lehen estropada. Nola helduko da taldea bertara?
Gogotsu. Prestaketa estropadetara ez gara joan, eta Lekeitio, Mutriku eta Ondarroako prestaketa estropadetara ere ez gara joango. Estropada horiek ez dute puntuaketan eragiten, prestaketarako dira. Nahita hartutako erabakia da, teknikoa.
Lehenengo estropadara, berriz, ilusioz joango gara, gogoarekin. Lehenengo estropada hori eginda, ikusiko dugu non gauden, eta hortik gure borroka hasiko dugu.

