Antxoko elkarte gastronomikoak gehiengo zabal batez hartu du erabakia, atzo, bazkideen ohiko batzar batean.
Garai bateko Lore Txorta elkarteko balkoia, jendez lepo egoten zen askotan. Argazkia: Juantxo Linazasoro (Pasaiako fototeka).
38 boto aldeko eta zazpi kontrako. Horixe atzo arratsean Lore Txorta elkarte gastronomikoan izan zen bozketa historikoaren emaitza. Bozketaren zioa, emakume batek bazkide izateko eskaerari erantzutea.
Orain arte, Pasaiako beste elkarte gastronomikotan gertatzen den antzera, Lore Txortan emakumeek ezin zuten bazkide izan, ez eta bertako sukaldea erabili.
Atzoko bozketarekin, baina, aro berri bati aurre egingo dio Lore Txortak.
Elkarteak sare sozialen bidez eman du erabakiaren berri, eta ongi etorria eman dio bazkide berri Jaione Agirre Rodriguezi.”Gaur egun handia da Lore Txorta elkartearentzat”, adierazi dute, eta erabakia emakume gehiagori ateak zabaltzeko lehen urrats gisa aurkeztu dute.
Jaione Agirre, bere aldetik, “oso pozik” agertu da erabakiarekin, eta prozesuan babesa agertu dioten guztiei eskerrak luzatu dizkie. Bazkidetza estreinatzeko irrikaz, ahizpekin batera afari eder batez ospatzeko asmoa agertu du.
Mantso baina aurrera
Antxon, gaur egun, bost elkarte gastronomiko daude, eta atzo Lore Txortak hartutako erabakiri esker, elkarte ez baztertzaileak baztertzaileei gailendu zaizkie.
Basarin, Jaizkibelen, eta Galepertarrak elkarteetan (Galepertarrak-ek duela hiru urte hartu zuen erabakia, nahiz emakume bazkiderik ez dagoen) eta orain baita Lore Txortan ere, emakumeak bazkide izan daitezke, eta ez berriz, Armonian. Talde berekoa zen iaztik itxita dagoen Arkupe.
Antxoko barrutiaren bihotzean kokatuta, itzal luzeko elkartea da Lore Txorta. Armoniarekin batera Antxoko elkarte gastronomiko zaharrena da. Elkarte gastronomikoa ez ezik, barrutiko kultur eta kirol eragile garrantzitsua da sorreraz geroztik Lore Txorta. Sanferminetako krosa, errege kabalgata, San Tomas azoka…, ekitaldi askoren antolatzailea da.
Gaur egun guztiz eraberrituta -garai bateko elkartea eraitsi egin zuten-, antxotar guztien gogoan da elkarte zaharraren balkoia (argazkian), jaietan beti jendez lepo, eta Biteri plazako frontoiko pilota partidei begira. Gaur egun egoitza toki berean du Lore Txortak.