Eskola Kirolan aldaketak egiteko proposamena lantzen ari da aldundian. Oarsoaldeko eragileek, egungo eredua mantendu nahi dute.
Eskola Kiroleko saio bat Donibaneko kiroldegian.
Egungo Eskola Kirolaren eredua ontzat du Oarsoaldeko Eskola Kiroleko batzordeak. Aldundiak jarduera horretarako hainbat aldaketa proposatu ditu, eta kezka azaldu du batzordeak; kezka horren berri emateko Oarsoaldeko Eskola Kirolean parte hartzen duten 11 ikastetxeek gutuna bidali diote aldundiari. Gauza berbera egitea aztertzen ari dira udalak.
Oarsoaldeko Eskola Kirolaren batzordea eskualdeko 11 ikastetxeek, lau udalerrietako Kirol teknikariek, eta udalerrietako koordinatzaileek osatzen dute. Gipuzkoan, Eskola Kirolaren egungo ereduak, 25 urte darama martxan, eta aldundiak hainbat aldaketa proposatu ditu: besteak beste, Eskola Kirolean aritzeko adina 6 urtera jaitsi nahi du, eta aldi berean, talde federatuetan aritzeko malgutasun handiagoa izango lukete haurrek, “horrek haurren espezializazio goiztiarra ekarriko luke, haurren kalterako, eta bestetik, ikastetxeetako haurren taldeen desagertzea ekarriko luke ere”, esan dute batzordetik.
Aldundiaren asmoa azterketa aroan badago ere, egungo eredua bere horretan manten dadila nahi du Oarsoaldeko Eskola Kiroleko batzordeak, “oso emaitza onak eman ditu”. Eta aldi berean, gaia hobeto aztertzeko denbora gehiago eskatu du. Haurrak jolasaren bitartez heztea ezinbestekoa dela adierazi du batzordeak, eta jolas horiek “gero eta aniztasun handiagoa izan”, hobea eta aberasgarriagoa izango dela hezkuntza.