Listorreta natur eremua gertutik ezagutzeko jarduerak antolatu dituzte: orientazio jolasak, historiaurreko bizimoduarekin loturiko tailerra, saguzarrak ezagutzeko ibilaldia, narrastiak ezagutzekoa...
Errenteriako Udalak, Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak egitarau bateratua prestatu dute udararako Aiako Harria Natura parkean. Ekimen guztietatik bost Listorretan izango dira.
Ekainaren 16an egin zen Listorretan parkea ezagutzeko eta naturarekin harremantzeko lehen jarduera: Berreskuratutako hegaztien askatzea. Beste hainbat antolatu dituzte uztaila, abuztua eta irailerako. Edozeinetan parte hartzeko erreserba egin beharko da aurretik. Horretarako bi telefono eta helbide elektronikoa eman dituzte: 943 494 248 eta 688 895 068 edo arditurri@gipuzkoamendizmendi.net. Informazio gehiago eskuratzeko
www.parketxesarea.org edo
www.gipuzkoamendizmendi.net webguneetan kuxkuxeatzera animatzen dute.
Ekintzen xehetasunak:
Uztailak 2: Narrasti eta anfibioak ezagutzeko irteera
10:00etan Susperregi jatetxetik abiatuko dira. Adin guztientzako ibilbidea izango da, zailtasunik gabea. Bertan Malzabargo hezegunean dauden igel, uhandre edo muskerrak ezagutuko dira. Jarduerak 5 euroko prezioa izango du, egunean bertan ordaindu beharrekoa.
Uztailak 30: Orientazio jolasa
10:00etan Listorretako etxolan hasiko dira. Partehartzaileek altxorra aurkitu beharko dute orientazioaren oinarrizko kontzeptu batzuk ezagututa: ipar orratzak, mapak, planoak… Eta baita eguzkia, ilargia, zuhaitzak, goroldioa… Prezioa doakoa izango da.
Abuztuak 12: Aizpitarteko lehen gizakiak. Historiaurreko bizimoduari buruzko erakustaldi eta tailerrak
Listorretako etxola izango da abiapuntua, arratsaldeko 16:00etan. Kobazuloetako historiaurreko gizakien bizimodua ezagutzea da helburua. Lehen pertsonan bizitzeko tailerrak izango dira dinamika nagusiak: sua pizten ikasi, margotu… Aitzbitarteko Lagunak elkarte errenteriarrak gidatuko du saioa eta doakoa izango da.
Irailak 2: Saguzarrak hurbiletik
Listorretako etxolatik 20:45etatik 22:30era. Ugaztun hegalari hauen ezaugarriak ezagutu (ernaltze sistema, orientatzeko sistema…) eta haiek entzuteko aukera izango du gerturatzen denak, aplikazio bati esker. Kiko Alvarezek gidatuko du. 12 urtera artekoek 3 euro ordaindu beharko dituzte, helduagoek 5.