Ekainak 28ko Sexu Askapenerako Egunaren harira, adierazpen instituzionala atera du Errenteriako Udalak. diskriminazioa salatu eta eskubideak aldarrikatzeaz gain, konpromisoak hartu ditu.
Bihar, ekainak 28, Nazioarteko Sexu Askapenerako Eguna. Horren harira
adierazpen instituzionala atera du Errenteriako Udalak. Diskriminazioaren inguruko irakurketa egin du eta herritarrak mobilizatzera deitzeaz gain, gaiarekiko konpromisoak hartu ditu.
1969ko ekainaren 28an istiluak izan ziren Stonewallen (New York) eskubide sexualen aldeko protestak egiten ari zirenean. Polizia eta jendartearen jazarpenaren aurrean mugimendu oso batek erantzun zuen. Ekimen huraxe gogoratuz hasi du Errenteriako Udalak LGTBI+ eskubideen aldeko adierazpena: “Sexu orientazioaren eta generoaren inguruko adierazpena dira gorroto diskurtsoetan garatuen daudenak”. Horregatik aniztasun afektibo sexualaren borroka “guztiona eta egunerokoa” dela adierazi dute eta eskubideak aldarrikatzen jarraitu beharko genukeela. Borroka hau, beste hainbatekin batera eman behar dela gaineratu dute: justizia soziala, askatasun zibila, herrien burujabetza, feminismoa, internazionalismoa, ekologismoa…
Gizarteak bere horretan aurrera pausuak eman dituela pentsatzen dute;sexu berekoen arteko ezkontzak legeztatzea eta adoptatzeko eskubidea aipatuz batik bat. Iruña eta Gasteizen prestatzen ari diren homofobiaren aurkako legea ere aipatu dute.
Guzti hau esanik, gaiarekiko hiru konpromiso hartu ditu: herriko LGTBI+ pertsona eta borroken memoria historikoa berreskuratzea, Eusko jaurlaritzari Transexualen legea zuzentzeko errekeritzea eta gizartea elkarretaratzeetan parte hartzera mobilizatzea.