Lezoko Udala haserre mintzo da, astelehen arratsaldean edukiontzi marroi bat errekan azaldu zelako. Jada kenduta dago edukiontzia.
Edukiontzi marroia jada kendu dute errekatik. Argazkia: Lezoko Udala.
Herritar batek HITZAri esandakoaren arabera, ostiraletik larunbaterako gauean edukiontzi marroi bat Lezoko Zubitxo errekara bota zuten; hark esan duenez, gaztetxo batzuk izan ziren hori egin zutenak. Herritarrek berehala deitu zieten udaltzainei gertatutakoaren berri emateko.
Jada kendu egin du Lezoko Udalak edukiontzia errekatik. Baina haserre mintzo da gertakari horregatik: “Horrelako jokabideek ez dute lekurik egungo gizartean lezoarren bizikidetza eta elkarbizitza oztopatzen eta zailtzen dituztelako”.
Horrelako ekintzak aldarrikapen modura erabiltzea ez dela zilegi uste du udalak, eta errespetua eskatu die egileei, “gainerako herritarrekiko, ingurumenarekiko eta espazio publiko eta hiri altzariekiko. Herritarrek ez dituzte zertan jasan horrelako egoerak egunero”.
Udalak aurrera egiteko garaia dela esan du, “garai bateko liskarrak eta egoerak atzean utzita. Lezoko herriak eta lezoarrek elkarbizitzaren aldeko urratsak eman nahi dituzte. Udaletik bide horri helduko diogu, errespetuaren eta elkarbizitzaren alde lanean jarraituz”.