Aldundiak Aurrekontu Irekien egitasmoa Lezora eraman du aste honetan. Herritarren ekarpenak jaso dituzte, horiek 2018 aurrekontuan kontuan hartzeko.
Imanol Lasa foru diputatua, Aiton Bordan azalpenak ematen.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren
Aurrekontu Irekiak egitasmoa Lezon izan zen astelehenean. 10:00etatik aurrera egitasmoaren berri emateko eta ekarpenak jasotzeko karpa jarri zuten Gurutze Santuaren plazan. Gainera, Aiton Bordan, Imanol Lasa aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azalpenak eman zizkien herriko erretiratuei, baita haien ekarpenak jaso ere. Aurrekontu Irekien helburua da herriz herri proposamenak jasotzea, aldundiaren aurrekontuetan horiek txerta daitezen, hurbiltasuna eta komunikazio zuzena probestuz. 2018ko foru aurrekontuetan txertatuko dituzte onartzen diren proposamenak.
Luze joan zen erretiratuekin izandako hartuemana. Eskaera asko egin zituzten lezoarrek. Honako gaietaz hitz egin zuten, besteak beste:
- RENFEren integrazioa Mugi txartelan.
- Adinekoentzako egoitza plazen eskaintza.
- Mendekotasuna duten pertsonen zaintzan dihardutenen titulazioaren kudeaketa.
- Babes zibila.
- Pasaialdearen biziberritzea eta portuko jardueraren gaineko kezka.
- Turismo ereduaren jasangarritasuna.
Diputatuak “oso aberasgarritzat” jo zituen Lezon entzundakoak, eta zuzeneko komunikazioaren onurak goretsi zituen. Esandakoak kontuan hartuko zituela gehitu zuen.
Karpa
Erretiratuekin egindako gogoetaz gain, Gurutze Santuaren plazako karpara “jende ugari” hurbildu zela jakinarazi dute aldunditik. Teknikarien laguntzarekin, lezoarrek ez zuten aukerarik galdu euren ideiak, nahiak, helarazteko aldundiari. Era berean, Imanol Lasa Jesus Mari Martiarena alkatearekin batzartu zen.
Aiton Bordan, eta karpan jasotako proposamenez gain, herritarrek oraindik badute aukera ideia gehiago proposatzeko Aurrekontu Irekiak egitasmoaren bitartez. Horiek, Lezon, etxez etxe banatu den eskuorriaren bitartez egin daitezke (bihar da azken eguna), horiek, beteta, udal erregistroan entregatuz. Bestela,
Internetez ere egin daitezke ekarpenak.