Atxikimenduak Aitzol Gogorzaren alde
Larunbatean Aitzol Gogorzaren aldeko mosaiko erraldoia egingo dute Errenteria-Oreretan. Hainbat sindikatuk atxikimendua eman dute.
Larunbaterako, uztailak 1, mosaiko erraldoira deitu du Errenteria-Oreretako Sarek Aitzol Gogorza euskal preso politikoaren egoera salatu eta askatasuna eskatzeko. Hainbat sindikatuk atxikimendua eman diote.
Oarsoaldeko LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuek larunbateko mosaikoaren inguruan mezu bat zabaldu nahi izan dute, atxikimendua adieraziz: “Atxikipena eman nahi diogu larunbat honetako ekintzari Aitzol Gogorzaren etxeratzea eskatuz”. Era berean, herritar guztiak eta bereziki eskualdeko langileak parte hartzera deitzen dituzte. Giza eskubideen defentsan azaldu dira.
Ildo beretik, Sare mugimenduak Gogorzaren egoera gogorarazi nahi du eta, era horretan, larunbateko ekintza azpimarratu eta bertaratzeko deia egin. Mosaikoa Koldo Mitxelena (Biteri eskoletan) izango da, arratsaldeko 18:00etan. Ondoren ekitalditxo bat egongo dela aurreratu dute: “Gerturatu gure bizilaguna den presoaren askatasunaren alde”, diote.
Aitzol Gogorza
Frantziako espetxeetan bete duen kartzelaldia kontutan hartuko balitz kalean behar luke dagoeneko Gogorzak, baina ez dutenez kontuan hartu eta bertan jarraitzen du. Europako Batasunak 2008an hartutako erabakiak zigor metaketaren alde egiten du, europar komunitateko estatu ezberdinetako sententziak efektu berbera izan behar dutela zehazten da. 2014an Espainiak lege berri bat egin zuen, europar erabakiaren zentzua aldatuz. Horrela, Frantziako kondena beteta ere, Espainiako zigorra 0tik hasten da.
Gogorza Basauriko espetxean dago gaur egun eta 19 urte daramatza preso. Desoreka obsesio konpultsioa eta depresiboa dauka, autolisi arriskuarekin. Legearen arabera, 100.2 artikuluaren arabera hain zuzen ere, larriki gaixo dauden presoek espetxealdi arin bat edukitzeko eskubidea dute, haien gaixotasunarentzat aproposa den tratamendua jaso dezaten. Larunbateko ekintzan lege hau aplikatzeko eta askatasuna emateko eskatuko dute.
