Duintasuna Pentsiodunen elkarteak elkarretaratzea egingo du astelehenean "desberdintasunean eta injustuki antolatutako errealitatea salatzeko".

Jendetsua izan da gaur ere Duintasunaren elkarretaratze eta manifestazioa.
Ikasturteko azken elkarretaratzea egingo du Duintasuna Pentsiodunen Elkarteak uztailaren 3an, astelehena. goizeko 11:00etan izango da udaletxe parean.
“Aberastasuna erraz zenbatzen da eta pobrezia ezkutatu. Isildu eta ezkutatzen dena ez da existitzen eta existitzen ez dena ezin da aldatu”. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta Gizarte Segurantza Propioak edukitzea eskatzen dute pentsiodunek. Errealitatea “gogorra” dela erakutsi eta salatu nahi dute. “Lan egiteko prest dagoen jendeak ez du lanposturik eta sortzen diren lanpostuak prekarioak dira”. Egoeraren aurrean erantzuleak bilatzen dituzte eta justizia eta berdintasun soziala lortzeko ardurak eskatu: “Batzuen etekinak handitzen doaz jende xumeenaren eskubideak murrizten doazen bitartean. Prekarietatea ez da naturalki sortzen, gorbataz jantzitako lotsagabe eta lapurren jardunen ondorio dira”.
Erantzuleak bilatzeaz gain, erantzutea ikusten dute beharrezkoa eta horretan ari dira. Urte honetan hainbat ekimen eraman dituzte aurrera: sinadura bilketak Euskal herri osoan zehar, ekimen informatiboak, prestakuntzak, Alzheimer gaixotasunaren inguruko hitzaldiak… Astelehenekoa ikasturteko azken elkarretaratzea bada ere, urrian hasiko dira berriro elkarretaratzeak egiten “inor gera ez dadin diru sarrerarik, etxebizitzarik, argirik eta gizarte zerbitzurik gabe”.