Antxo sanferminetan sartuko da ostegunean. Aurretik, ordea, badaude ekitaldiak. Asteburuan kirolarekin harremana dutenak egingo dituzte.
Igandean da Lore Txortaren krosa.
Antxoko San Fermin jaiak ostegunean hasiko dira, uztailaren 6an. Aurretik, ordea, bada zertaz gozatu. Izan ere, adibide bezala, asteburu honetan barrutiko jaiei lotutako kirol jarduerak daude: bihar Binakako Pala Txapelketaren finalak —gaur 3. eta 4. postuetarako lehiak jokatuko dira— eta eskuzko partidak, eta etzi (igandea) Lore Txortaren San Fermin Jaietako Krosa.
Binakako Pala Txapelketaren 3. eta 4. postuetako lehiak, esan moduan, gaur dira: 19:00etan, Monica-Ziortza eta Susana-Jaione bikoteek brontzezko dominaren alde jokatuko dute; gizonen lehia 20:00etan hasiko da, Alberto-Iñigo eta Asorey-Brias bikoteek jokatuko dute hirugarren postuaren bila.
Bihar, larunbata, finalak. Emakumeena 11:00etan hasiko da: Ane-Nora eta Ana-Edurne bikoteek elkarren kontra jokatuko dute txapela lortzeko. Gizonen finala 12:00etan hasiko da, honako bikoteekin: Julian-Imanol, eta Mikel-Enrique. Finalen ondoren, bazkaria egingo dute Axular plazan partaideek.
Lore Txortaren esku pilota lehia eta krosa
Lore Txorta elkarteak, sanferminetarako bi kirol jarduera antolatu ditu. Lehena bihar hasiko da, eta aurtengo berritasuna da: afizionatuen Binakako I. San Fermin Txapelketaren lehen jardunaldia egingo dute, finalerdiekin. Honakoak dira biharko partidak (18:00etan hasiko dira, Ibaiondo pilotalekuan):
- Ongay-Azanza (Nafarroa), Rafael-Isasmendi (Araba)
- Santxo-Urruzola (Gipuzkoa), Azpiri-Etxebarria (Bizkaia)
Bi partida horietan irabazten dutenek, uztailaren 8an, jada sanferminetan, finala jokatuko dute (18:00etan). Gainera, egun horretan, Garcia-Ezkiroz eta Etxeberria-Aranguren bikoteen arteko partidak jaialdia osatuko du.
Bigarren jarduera etzi (igandea) da, Lore Txortaren sanferminetako kros klasikoa. Gipuzkoan dauden herri krosetatik zaharrenetarikoa da gainera. 11:00etan hasiko da zazpi kilometroko ibilbidea duen lasterketa Zumalakarregi kalean, barrutiari hainbat itzuli eman ondoren bertan amaitzeko.
Izena emateko epea zabalik dago oraindik, zazpi euroan,
Herrikrosaren webgunean. Lasterketa nagusiaren ondoren, gazteen mailakoak egongo dira.