Markel Olano diputatu nagusia Julen Mendoza Errenteria-Oreretako alkatearekin bildu da goizean herriko proiektu nagusienak trukatzeko asmoz. 2018an Aldundiak Jesusen Bihotza udal egoitzaren kudeaketa beregain hartzea izan da erabaki garrantzitsuena.
Markel Olano diputatu nagusia, Imanol Lasa Gobernantza eta Komunikazio diputatua eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua Julen Mendoza Errenteria-Oreretako alkatearekin bildu dira goizean herriko proiektu nagusienak trukatzeko asmoz. Aldundiak 2018an Jesusen Bihotza zaharren egoitzaren kudeaketa beregain hartzea izan da erabaki garrantzitsuena.
Hala iragarri du Olanok Errenteriako alkatearekin izandako bilera amaitzean. 2018ko lehen sei hilabeteetan jabetzaren aldaketa egingo dute eta 142 pertsona egoiliarrei “harrerarik onena” eskaintzea izango dela lehentasuna adierazi dute. Honetarako, 4 milioiko inbertsioa egingo du Aldundiak. Tolosa, Arrasate eta Oñatiko egoitzen kudeaketa ere beregain hartuko dute “12 udal egoitza 2019ra bitarte modu progresiboan integratu arte”.
Bestalde, zahartzaroarekin zerikusia duen beste proiektu bat ere izan dute gaurkoan aztergai, Pasaian eraikiko den zentro berria oinarri hartuta: “Izaera berritzailea, esperimentala eta hezigarria duten jarduerak eskainiko ditu Pasaiako eraikin berri honek”, dio Olanok. Ildo beretik, Mendozak zera adierazi du: “Zahartzaroarena da gure gizarteak aurre egin behar dion erronka garrantzitsuenetakoa”. Gaur, baita ere, Torrekua elkarlaneko ekintzailetza espazioaz, Lekuonaz eta Teknikaz mintzatu dira.