Jesus Mari Zamora futbol jokalari ohiaren biografia aurkeztu zuten joan den astean. Futbolaz eta gehiagoz hitz egiten da Aingeru Espinosak egindako lanean.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda.
Aurretik bibotea, goitik ile kiribildua, atzealdean 10 zenbakia, behean, hanketan, magia. Jesus Mari Zamora Errenteria-Oreretak bere historian eman duen futbol jokalari onena izan da. Onena bakarrik ez, kirol horretan goi mailako titulu gehien lortu dituena ere, Realarekin. Egun, ez du biboterik, ez ile kizkurrik, eta 10 zenbakidun kamisetak, ziurrenik, armarioan ditu gordeta. Hanketako magia mantenduko du, nahiz eta estadio handietan ezin erakutsi. Baina magia azaldu zuen urteetako, hamarkadetako jarduna ez da ahanzturan geldituko, haren biografiarekin liburua argitaratu eta aurkeztu dutelako.
Aingeru Espinosak koordinatu eta izenpetu du
Jesus Mari Zamora y la Real Sociedad, cantera y sentimiento lana. Idazlea eta editorea da donostiarra, eta hain zuzen, hark zuzentzen duen argitaletxearekin atera da argitara Zamoraren biografia, Naveus. Joan den asteko astearte arratsaldean aurkeztu zuten lehenengoz Don Bosco ikastetxean biografia bat baino askoz gehiago dena. Izan ere, izenburuan antzeman daitekeen bezala, futbol jokalariaren ibilbideaz gain, beste hainbat alorretan murgiltzen delako 26 ataletan banatutako 546 orrialdeetan. Finean, kirol edo futbol ikuspuntutik, aro baten kronika da ehunka orrialde horietan bilduta dagoena. Futbola eta Reala oinarri, garai haietan —1970 eta 1980ko hamarkadetan dago zentratua, Zamora jokalari izan zen garaian hain zuzen—eta talde txuri-urdinak lortutakoak abiapuntu hartuta, gizarte bat eraldaketan, erabatekoa (soziala, politikoa…) zegoela antzematen da. Zamora, kirolaria izateaz gain, beti egon delako herrian gertatzen direnekin engaiatua.
Eta liburua Don Boscon aurkeztu izana ez zen izan kasualitatea. «Nire ikastetxea da», esan zuen Zamorak joan den asteartean, «hezi nintzen tokia, futbolarekin lehen lorpenak erdietsi nituen tokia». Izan ere, Zamoraren lehen garaipen handienetakoa Don Boscoko Gazte Mailako taldearekin iritsi zen, Realeko maila horretako taldeari Gipuzkoako Kopa irabazi baitzioten.
Markatu duten bi entrenatzaile izan zituen ahotan futbol izarrak. Kike Eizmendi Don Boscon izan zuena, eta Javier Exposito, Realean.
Taldea
«Inoiz ere ez zitzaidan okurritu nik biografia bat izango nukeenik. Ez nuen pentsatu ere egiten», esan zuen errenteriarrak aurkezpenean. Azaldu zuenez, batez ere gaztaroko zatia bai da autobiografikoa, baina beste guztia, ia dena, Zamorak jokatu zituen partida guztien datu zehatzekin —Realaren eta kontrarioen alineazioak, aktak, golegileak, prentsa erreseinak— osatuta dago. «Eskerrak eman nahi dizkiot Aingeruri [Espinosa] eta liburua egin duen lantalde osoari egindako esfortzuagatik».
Errenteriarrak aipatu zuen, nahiz eta liburuaren izenburuan haren izena agertu, 1970 eta 1980 hamarkadetako «Real handi hori» osatu zutenei omenaldia dela argitalpena. Gainera, behin ez, bitan edo hirutan nabarmendu zuen talde haren balioak egoetatik, talentutik —«sekulako talentu eta konpetibitatea zegoen talde horretan, nortasun handiko jokalariekin»— haragokoak zirela, «bakoitzak bere nahiak albo batera utzi, eta taldea egin genuen, taldea. Lortu dudana egin dut ondoan hobea egiten ninduten pertsonak izan ditudalako». Eta tituluak lortu zituen Real handi haren oinarria zein izan zen ere aipatu zuen: Puertollanon Lehen Mailarako igoera lortu zuen taldea. «Haiek erakutsi ziguten zer zen Reala, zituen balioak, harrobiaren garrantzia, talde lana, izpiritua…».
Errenteriarrak adierazi zuen «gizarte» liburua ere dela neurri batean: «Bizitzea tokatu zaidan garai baten trazak agertzen dira, aro baten istorioak, nire herrikoak gehienbat».
Aingeru Espinosa
Aingeru Espinosa ez zen luzamendutan ibili liburuaren aurkezpenean. Argitalpenaren zehaztasunak emateko lehen interbentzioan ez behintzat —ondorenean solaserako tarte zabala izan zen—. Donostiarrak bere hirugarren liburua dela gogorarazi zuen, «1970 eta 1980 hamarkadetako Reala inoiz ere ez ahazteko liburua da. Tituluak lortu zituen talde bat baino askoz gehiago izan zen Real hura».
Espinosak aurretik
Historia de un gudari (2013) eta
La industria del terrorismo (2015) liburuak ditu argitaratuak, baina aitortu zuenez, berriena, Zamorarena, da «Aingerutik gehien» duena.
Real hura: Arkonada, Zelaieta, Gorriz, Gajate, Alonso, Diego, Idigoras, Lopez Ufarte, Satrustegi, Kortaberria, Larrañaga… Futbolzaleen burmuinean iltzatuta gelditu den taldea. Zamorak ondoan izan zituen horietatiko asko astearteko ekitaldian. Baita harekin jokatu ez, baina Realeko kide izandakoak ere. Iñaki Alkiza presidente izandakoa, Javier Exposito entrenatzailea, Iñaki Anza masaje emailea eta beste asko izan zituen ere alboan.
Noski. Familiak ez zuen hutsik egin Don Boscoko zitara. Hunkitzeko arrazoiak eman zizkioten berriz ere 10ari.
Ondokoak, aurkezpeneko hainbat irudi dira.