Bost edukiontziak herri osoan jartzeko helburua atzeratuko da, Lezon Ondo Ai Gearen arabera. Zinegotzi batek sare sozialetan esandakoa hartu dute oinarri.
Lezon Ondo Ai Gearen agerraldi bat. Artxiboko irudia da.
Lezon Ondo Ai Geak esan du, Jose Angel Sanchez PSE-EEren zinegotziak sare sozialetan emandako azalpenetan oinarrituta: irailera atzera daiteke Lezo osoan bost edukiontziak ezartzeko prozesua. Aurretik udal gobernu taldeak jakinarazi zuen
2017ko bigarren hiruhilekoan ezarriko zuela sistema herri osoan, Altamiran jarri eta gero.
Lezon Ondo Ai Gea, bost edukiontzien sistemarekin ados ez dagoela berriz ere jakinaraztearekin batera, haserre dago atzerapenaren berri sare sozialen bitartez jaso duelako. “Ez dakigu egia den. Baina udalak ezin ditu herritarrak zuzenean informatu? Horrek egiteko modu bat adierazten du. Herritarrek horrelako erabakiak sare sozialen bitartez jakitea ez da serioa”.
Taldekoek berretsi dute hondakinen kudeaketaren gaian adostasunera iristeko nahia, “nahi izanez gero badago denbora”. Eta nahi hori udalean ordezkaritza duten alderdi politikoen ekimenez, eta herritarren parte hartzearekin egin behar dela uste dute, “gauzak egoki egiteko herritarrekin bildu beharko luke alkateak, hauei entzun, eta arduraz luzarorako eta adostutako sistema bat ezarri. Gu prest gaude. Hori litzateke arduratsuena, baina hori egiteko jarreratik alkatea oso urruti dagoela uste dugu”.
Lezon Ondo Ai Geak oroitarazi du aurreko legealdian Jesus Mari Martiarena alkatea Lezo Garbiako kide izan zela, “orduan galdeketarik ez egitea inposizioa zela zioen. Sistema herri osora zabaldu aurretik herritarrekin parte hartze prozesurik egingo duen jakin nahi dugu, herritarrekin biltzeko intentziorik ote duen jakin nahi dugu, herritarren iritzia nolabait entzuteko prest dagoen jakin nahi dugu”.
Alkatea “kalkulu elektoralei” begira dagoela adierazi du taldeak, “epe motzerako erabakiak hartzen dituen alkatea arduragabe bat dela uste dugu”.
Hein berean, Lezon Ondo Ai Geak
Lezon birziklatuz zoriontsuago itsaskariak Aizpean, Txerrimuñon eta Tiñelun eskura daitezkeela jakinarazi du.