[Galeria eta bideoa] Antxon, etxean bezala
Hasi dira Antxoko sanferminak, eta zuri-gorriz koloreztatu dira bazterrak
‘Hemen etxean bezala’. Horixe TOPAguneak aurtengo sanferminetarako hautatu duen leloa. Eta hala hasi dira festak, giro ero, baina erosoan. Zu etxerako, horixe gonbidapena. Gozatzeko irrikaz. 08:00etan puntuan jaurti du Juanjo Bujandak elizaren kanpandorretik jaien hasiera iragarri duen suziria. Aurten , baina, berak igo du txupina, Oier Iribarren eskalatzailearen laguntzarik gabe. Eta eztandarekin batera hasi da eromena. Bost egunetakoa. Zapi gorriak lepoan lotu, eta xanpain zorrotaden azpian saltoka eta dantzari ospatu dute antxotarrek txupinazoa. Ondoren erraldoi eta buruhandiei ongietorria, eta berehala herriko preso Balbino Saenz Balbi-ren aldeko brindisa. Azkena izango delakoan. Aurretik, aurtengo sanferminak aurkezteko ekitaldia izan da Gure Zumardian eta festetako aurtengo protagonista guztiak igo dira oholtzara: Juanjo Bujando bera, aurten sukaldari nagusia; beteranoen danborradako Maite Sala; haurren danborradako Irune Salaberria eta Alazne Benit, barrutiko jubilatuen ordezkari Angel Luis Herrero Lerones eta Mª Olga Miranda Bernarde, Basariko ordezkari Koldo eta Xabi; baita Julen Arruabarrena Novo eta Nahia Chaparro ere, aurtengo alkate ate alkatesa txikiak. Bekoz Bekok eta Harremantxoko kide bana igo da oholtzara ondoren, eraso sexistarik gabeko jaiak aldarri, eta brirada moreen, nahiz protokoloaren berri emanez. Beñat Garcia Sagarzazu aurtengo festetako kartel irabazlearen egilea ere igo da oholtzara, eta jai batordeak, Jose Mari Arangureni omenaldia egin dio “Antxoko jaietako jarduera guztietan parte-hartzaile eta sustatzaile gisa egindako ibilbideagatik”. Hunkituta eta esker onez jaso du aitortza antxotar ezagunak. Bihar, egun handia San Fermin bezpera eta festetako lehen eguna izanik luze joko du gauak Antxon. Kuadrilla asko mahairen bueltan bilduko dira gaur, gaueko dantzaldietarako indarrak biltzeko. Bihar, berriz, goiz hasiko da festa gaur gauean gehiegi luzatzen ez direnentzat. Ekitaldiz lepo heldu da San Fermin Eguna. Bigantxak, Saltseroen konpartsa, txakolin dastatzea, jotak, haur danborrada, herri kirolen erakustaldia… luze joko luke dena zerrendatzeak. Beraz, hemen da esteka, egitaraua zehaztasunez ezagutu nahi duen ororentzat.