Gipuzkoako Txapelketa Getarian izango da, 18:00etatik aurrera. Beteranoen, emakumeen eta gizonen artean sei txanda egingo dituzte.
Hibaikaren emakumeen trainerua, iaz, Gipuzkoakoa irabazi berritan.
Bihar (asteazkena, hilak 12) jokatuko da, Getarian, Gipuzkoako Traineru Txapelketa. 18:00etan hasiko dira Gipuzkoako Arraun Federazioak prestatu dituen sei txandak. Orotara, 20 traineruk parte hartuko dute gizon beteranoen, emakume seniorren eta gizon seniorren artean. Bi txapelak Oarso Bidasora iristeko aukera ez da baztertu behar.
Senior gizonetan, Hondarribia eta Orio izango dira txapelaren bila joateko hautagai nagusiak. Sasoiaren hasieran erakutsi dute ondo daudela, izan ere, Eusko Label Ligan Hondarribiak bandera bat irabazi du eta Oriok bi. San Juan eta San Pedro koska bat beherago daude, baina ikusi beharko. Iaz Hondarribiak irabazi zuen Gipuzkoakoa.
Emakumeetan, San Juan eta Hibaikak, antza, ez dute parekorik izango. Haien artean lehiatuko dute txapela, betiere Orioren baimenarekin. Iaz, Hibaikak eskuratu zuen herrialdekoa, eta aurten ere lehia latza espero da bateleren eta
Madalen ontzikoen artean.
Honakoak dira biharko txandak.
- Lehen txanda (gizon beteranoak). Zumaia, Fortuna eta Zarautz.
- Bigarren txanda (emakume seniorrak). Hernani, Arraun Lagunak eta Donostiarra.
- Hirugarren txanda (emakume seniorrak). San Juan, Hibaika eta Orio.
- Laugarren txanda (gizon seniorrak). Lapurdi, Hibaika eta Mutriku.
- Bosgarren txanda (gizon seniorrak). Donostiarra, Zumaia, Zarautz eta Getaria.
- Seigarren txanda (gizon seniorrak). Orio, Hondarribia, San Juan eta San Pedro.