Gaur aurkeztu duten Trintxerpen, hilaren 28an inauguratuko duten erakusketa.
Itsaso Andueza, Kike Santiago, Juanje Neira, Izaskun Gomez eta Mirian Cano, gaurko aurkezpenean.
Gaur eguerdian aurkeztu dute Trintxerpeko Ziriza Etxean
Pasaia Rabanne, imajinarioaren arrazoiak erakusketa. Hilaren 28an inauguratuko dute, baina antolatzaileek, Illunbe Musika elkarteak eta bere kolaboratzaileek, urrez aurkeztu nahi izan dute egitasmoa.
Nabarmendu dutenez, “erakusketa ez da jantzien ohiko erakusketa izango, Paco Rabanneren bizitzaren kontaketa baizik, jostunak berak gidatuta”. Zehaztu dutenez, “denboran egindako bidaia emozionala eta espirituala” irudikatuko dute batetik, eta bestetik “Paco Rabanne sortzailea eta pentsalaria”.
Erakusketa handia izango da, 1600 metro koadrokoa, eta hamar gune izango ditu, jostunaren bizitzaren zehar “bidaia emozional bat egiteko gida gisa”. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Rabannek materialekin eta ehunekin garatu duen esperimentazioari leku egingo diote erakusketan, eta burdinaren herdoila, baita itsasoaren usainak ere sumatu egingo direla agindu dute, “haien barruan bagina bezala”.
Jostunaren itzulera
Gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, jostunak gidatuta antolatu dute Zirizako erakusketa. Rabannek erakusketaren gaineko guztiaren berri duela eta Pasaiara etortzekoa dela ere iragarri dute, data zehazterik izan ez dute arren. “Gaixorik dago eta orain ez du Bretainiatik mugitzeko medikuaren baimenik. Etorri nahi duela badakigu, baina ez dakigu ziur inauguraziora etortzeko moduan izango den”, zehaztu dute. Hilaren 28an zabaldu eta abenduaren 31 bitartean egongo da zabalik erakusketa.
2003. urtean egon zen azkenekoz Trintxerpen Paco Rabanne, eta bisita hura ere luze eta zabal jaso dute erakusketan. Trintxerpen jaioa, jostuna haurra zela haren amarekin eta beste hiru anaia-arrebekin alde egin behar izan zuen Pasaiatik, 1936. gerratik ihesi. Rabanneren aita frankistek fusilatu zuten. Erakusketan bere familiaren historia ere jasoko da.
Lantaldea
Antolatzaileek herri ekimen baten gisa aurkeztu dute erakusketa, “Rabanneren irudia aitortu eta herriaren sustapen kultural eta soziala helburu”. Illunbe Musika Elkartea ez ezik, erakusketa, ondorengo elkarte eta erakundeek babestu dute: Trintxer Kulturala, Illunbe Arraun Elkartea, Erretiratuen Elkartea, Laurak Bat, Pasaiako Udala, Oarsoaldea Garapen Agentzia, Gurutze Gorria, EITB, Arkitektura Eskolak eta La Caixa.
Lantaldean, azkenik, Juan Jesus Neira, Enrique Santiago, Ane Baztarrika, Jone Aranzabal, Xabier Baztarrika, Itziar Fernandez, Itsaso Andueza, Gemma Duran, Luz Duran, Ander Sanchez eta Iratxe Goikoetxeak parte hartu dute.