Madalenetako kontzertua Buruhandi eta Erraldoien Konpartsarekin batera egingo du EMKEren Musika Bandak; San Inazio egunekoa, Ereintzako dantzariekin batera.
Mitxelena, Aierdi, Diaz de Cerio, Collar eta Rodriguez. Makurtuta, Pikabea eta Gonzalez.
Hilabete honetarako antolatu dituen ekintza nagusiak aurkeztu ditu gaur EMKE Errenteria Musika Kultur Elkarteak. Madalenetako kontzertua eta San Inazio eguneko kontzertua dira bi ekintza horiek, eta agerraldian Buruhandi eta Erraldoien Konpartsako eta Ereintza Dantza Taldeko ordezkariak izan ditu ondoan, azken bi talde horiekin elkarlanean prestatu baititu bi emanaldiak. Ion Collar Kultura zinegotzia ere izan da agerraldian.
EMKEren Musika Bandako presidente Josu Mitxelenak Erreteria-Oreretak duen kultur eragile aberastasuna nabarmendu du, eta gogora ekarri kontzertu parte hartzaileak antolatzen 2010ean hasi zela banda: “Urte hartan hasi ginen kultur eragileekin elkarlanean madalenetako eta San Inazio eguneko kontzertuak prestatzen”. Ordutik herriko Andra Mari eta Landarbaso abesbatzak, Buruhandi eta Erraldoien Konpartsa eta Ereintza izan dituzte bidelagun, baina baita herritik kanpokoak ere, eta horren adibide da Parisko Euskal Etxean sortutako Anaiki abesbatzarekin egin zuen kontzertua.
Kultur eragileen “jarrera” nabarmendu du Mitxelenak: “Deitu eta berehala azaldu izan dira prest gurekin elkarlanean aritzeko eta hori eskertzekoa da. Erraza da oso elkarlana eta emaitza, berriz, bikaina”.
Madalenetako kontzertua
Madalenetako musika bandaren kontzertua Buruhandi eta Erraldoien Konpartsak borobilduko du. Alain Aierdi Zuzendariak gidatuko du emanaldi hori eta hiru zatitan banatuta izango dela azaldu du Aierdik: “Lehenengo zatian, biribilketa eta pasodobleak joko ditugu; bigarrenean, Farwest filmetako musika hautatu dugu; eta hirugarren zatian berriz, diana eta
Zentenarioa joko ditugu
“. Azken zati horretan dantzatuko dituzte Maialen eta Xanti konpartsako kideek. Madalenetako kontzertua hilaren 22an egingo dute, larunbatarekin Foru plazan 12:00tatik aurrera.
San Inazio kontzertuak berriz, musika eta dantza uztartuko ditu Herriko plazan hilaren 31n, 22:30ean hasita. Musika banda eta Ereintzako lau dantzari arituko dira, banda behean eta dantzariak berriz, parrokiaren sarreran. Carlos Rodriguezek zuzenduko du orduan banda. Emanaldi “polita” eta ikusi eta entzuteko “erraza” izango dela emanaldia esan du Rodriguezek, “herrikoia ere izango da, eta dantzarien parte hartzeak eleganteagoa egingo du emanaldia”. Agertoki bereziari, musika eta dantza eta argien efektua gehituko diote.
Ereintzako Garazi Diaz de Cerio dantzariak esker hitzak izan ditu EMKErentzat: “Gonbidatu izana eskertzekoa da eta guretzat onuragarria da halako emanaldietan parte hartzea eta herriko beste kultur eragileekin elkarlanean aritzea”.
Ildo beretik mintzatu dira Buruhandi eta Erraldoien Konpartsako kide Aitzol Pikabea eta Iñaki Gonzalez: “Ohorea da guretzat halako ekitaldietan parte hartzea eta udalari zein bandari eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin kontatzeagatik. Jarrai dezala elkarlanak”. Eskerrak itzuli dizkie Mitxelanak guztiei eta ideia bat nabarmendu du, Errenteria-Oreretan dagoen kultur sare handia, “mantendu, zaindu, sustatu eta bultzatu behar dugu”.
Errenteria-Orereta herri bizia dela gaineratu du Collarrek eta eskerrak eman dizkie bi kontzertu horietan parte hartuko duten eragileei, “jarrera eta ekarpenagatik”.
Web orrialde berria
Bi kontzertuak aurkeztearekin batera,
web orrialde berria duela jakinarazi du gaurko agerraldian EMKEk. Herritarrengandik hurbilago egotea izan da aldaketaren arrazoia, eta bandak berak duen ondarea partekatzea. Musika bandaren argazki zaharrak,
Zentenarioa eta dianaren partitura zein musika jaisteko aukera izango dute bertan nahi dutenek, eta baita bandaren emanaldien bideoak eta historia.
Web orrialde berriaren harira herriaren ondarea herritarren eskura jartzea oso keinu garrantzitsua dela esan du Collarek.