Enpresa eta ekintzaileentzat aukera berriak zabaltzeko Alemaniako Stuttgart eskualdean da egunotan Julen Mendoza alkatea.
Alemanian da Julen Mendoza alkatea Stuttgart hirian.
Enpresa eta ekintzaileentzat aukera berriak zabaltzeko Alemaniako Stuttgart eskualdean da egunotan Julen Mendoza alkatea. Oarsoaldea Garapen Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariekin egin du bidaia, udalerriak Schorndorfekin duen senidetza baliatuta. Senidetzeek izaten duten partekatze kulturaletik harago, elkarlana garapen ekonomikoaren alorrera bideratzea bilatzen du udalak, eta horren harira, Oarsoaldeako eta Errenteria-Oreretako enpresa eta ekintzaileentzat aukerak aztertzea.
Stuttgart eskualdea, erreferentea da berrikuntza eta ekintzailetzan, eta garapen ekonomikoa bultzatu eta berritzaileak diren sektoreekin elkarlan aukerak aztertzeko daude Alemanian Mendoza, garapen agentziako kudeatzaile Fernando Nebreda, eta aldundiko Kanpo Harremanetarako zuzendari Iker Goiria. Asteazkenaz geroztik, eragile, enpresari eta erakunde ezberdinetako ordezkariekin bilerak egin dituzte. Besteak beste, Stuttgarteko Garapen Ekonomikorako Agentziara, Schorndorfeko enpresa berritzailetara, zein egun hauetan egiten ari diren Ekintzailetza Feriara hurbildu dira.
Alemaniako Lander garatuenetako bat
Baden-Wüttemberg landerraren zati dira Schornorf eta Stuttgart hiriak, Alemaniako estatu federatuetan garatuenetako bat alegia. Lurralde hori, berrikuntza sektoreetan nabarmendu dela dio udalak: “Berrikuntzarako grina eta produktibitate maila altua duten milaka enpresa txiki bertan daude finkatuta eta langabezia, berriz, txikia da”.
Errenteria 2025 Plan Estrategikoak, beste erronka batzuen artean, eraldatutako eta dibertsifikatutako ekonomia duen herria sortzea biltzen du, “enplegua sortzeko gaitasuna duena, eta gizarte arloko enpresak bultzatzen dituena. Oinarri horretatik abiatuta egin zen ezagutza eta zerbitzuetan oinarritutako ekonomia baten aldeko trantsiziorako apustua”. Azken erronka horri erantzuteko garatu dela Torrekua ekintzailetza kolaboratiborako zentroa, edo izenpetu dituzte hitzarmenak Don Bosco, Tknika eta Oarsoaldeko Garapen Agentziarekin Santo Angel de la Guarda eraikin publikoa formazio eta ekintzailetza zentro bilakatzeko nabarmendu du udalak.