Karmengo Amaren Egunean bukatuko dira aurten Trintxerpeko jaiak, igandean; etzi bitartean, baina, hamaika ekitaldi izango dira festara biltzen den edonork gozatzeko aukera izan dezan
Trintxerpeko karmenetan, Haurren Txupinazoa.
Hasi dira karmenak, egutegiko hirugarren festak Pasaian, Trintxerpekoak. Atzotik ari dira jaiaz gozatzen Pasaiako barrutirik jendetsuenean.
Aurten, festen hasieran, adinean txikienak izan dira protagonista nagusiak. Haurren txupinazoa antolatu dute Trintxerpeko Korkoiburuak taldekoek lehenbizikoz. Gudarien Enparantzan eman zioten hasiera festei barrutiko haurrek, ur festan eta Zigor Gartziak Trintxerperako propio sortutako buruhandia estreinatuz.
Marinel bat da buruhandi berria, Trintxerpeko bizilagun askoren antzera, urteetan Ternuan bakailaoaren arrantzan aritutakoa. Kresalaren eta bizi baldintza latzen arrastoak igarri daitezke buruhandi berriaren azalean.
Festetan, igandera bitartean, egunero kaleratuko da arrantzale buruhandia. Karmengo Amaren Eguna izango da etzi, jaietako egun handia eta azkena. Festa giroak orduan joko du gaina Trintxerpen, baina bien bitartean, bada zer hautatu. Hona, azkar batean, hainbat proposamen laburbilduta:
Proposamenak
1. Korkoiburuen egitaraua. Taldea gaztea da baina handia beren ekarpena. Trintxerpeko Korkoiburuak taldea eragile garrantzitsua izango da aurtengo festetan. Gudarien Enparantzan jarri dute txosna, eta txosnaren bueltan sexu erasoen kontrako aldarriak. Arreta berezia eskainiko diote gaiari. Antolatu dituzten ekitaldi ia denak txosnaren bueltan izango dira, gaur gaueko rock kontzertua kasu. 23:30etik aurrera, Gudarien Enparantzako oholtzan, Kulto Kultibo eta La Regadera taldeek joko dute. Biharko, berriz, herri bazkaria antolatu dute, norbere etxetik eramandako jakiekin. Musika, bingoa, tonbola, jolasak… girorik ez da faltako, eta gauean berriz, erromeria Eztengiro taldearekin. DJ batek girotuko du ondorengoa. Iganderako, azkenik, bertso saio musikatua antolatu dute. 12:30etik aurrera, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Aitor Sarriegi, Maialen Akizu eta Egoitz Zelaia ariko dira bertsotan, Beñat Antxustegi eta Imanol Soloresen musikak lagunduta. Gai jartzaile Zuhaitz Olazabal ariko da.
2. Haurrentzako eskaintza. Gaur, Ekaitzak antolatuko ditu haurrentzako jolasak, Azkuenen, 17:00etatik aurrera, eta handik abiatuko dira buruhandi eta erraldoiak ordubete beranduago. Bihar, berriz, Pantzart taldearen Boli, bili, boli antzezlanarekin gozatzeko aukera izango dute, Azkuenen baita ere, 16:30ean, eta etzi, azkenik, haur lasterketa Tratu ona nahi dut, pasa hitza leloarekin, adingabeei tratu ona ematearen aldeko kanpainaren barruan. Lasterketa 12:00etan hasiko da eta ibilbidea ondorengoa izango da: Gernika plaza, Euskadi etorbidea, Gernika plaza. Jarraian, puzgarriak eta apar festa izango dituzte aukeran.
3. Erromeria. Gaur, Illunbe Dantza Taldeak urtero antolatzen duen erromeria izango da eguneko eskaintza erakargarrienetako bat. 19:00etatik aurrera izango da, Serafin Esnaola plazan. Saioa Patxi Perezen taldeak girotuko du. Perezek mutxikoak eta bestelako ohiko plaza dantzak aberastu egingo ditu Europako hainbat dantza jostagarrirekin.
4.Herri kirolak. Karmenetan urteroko zita da. Bihar, Gernika plazan (azoka ondoan), herri kirolen erakustaldia izango da. 12:30ean hasiko da erakustaldia. Aurten, aizkoran Ruben Saralegi eta Xabier Orbegozo Arria V arituko dira nor baino nor, eta harria altxatzen, Izeta. Herri kirolen erakustaldia hasi aurretik, plaza berean, toka eta bote txapelketa izango da haur eta helduentzat, eta 18:30ean, berriz, sardina jatea eta sagardo dastatzea, trikitilariek girotuta. Hori guztia Trintxer elkarteak antolatu du.
5Danborradak. Karmenetako ezinbesteko osagaia. Herri osoak parte hartzen du, batean ez bada bestean. Atzo arratsean irten zen jaietako lehena, tradizionala, eta gaur irtengo da bigarrena, familia danborrada, 20:00etan, Serafin Esnaola plazatik. Bihar, berriz, beste bi danborrada irtengo dira, 12:00etan haurrena Gudarien Enparantzatik, eta 17:30ean Azkuenekoa, Ulia etorbidetik; etzi irtengo dira azken biak, batetik, Marinelen Danborrada Karmengo Amaren parrokiatik irtengo dena 16:15ean (amabirjina itsasoratzen duen danborrada da), eta bestetik emakumeena, festetako azkena. 19:15ean abiatuko da Arrandegi kaletik, Korkoiburuen DJak girotuta.
6. Kirol ekitaldiak. Askotariko kirol lehiak izaten dira urtero karmenetan, eta aurten ere hala izango da. Gaur, esaterako, Jose Maria Elgezabalen omenezko 19. areto futboleko finalerdiak jokatuko dituzte Azkueneko pistan 20:00etatik aurrera, eta bihar, 18:00etatik aurerra toki berean finalaurrekoak, eta finala. Ordu berean, baina Andonaegiko futbol zelaian, Angel Maria Rodiño Alvarez Sarito-ren omenezko laugarren txapelketa jokatuko dute Trintxerpeko eta Azkueneko beteranoek, eta etzi, berriz, esku pilota partidak (11:00etan) eta tabernen arteko sokatira lehiatuko dira, 12:00etan, Azkuenen.
7. Musika. Aurrez aipatu dira musika ekitaldi batzuk, baina bada gehiago. Gaur, 19:00etan, musika eskolako ikasleen entzunaldia dago 19:00etan, alkateordetzan; 22:30ean, Serafin Esnaola plazan, Sara Monkeyren kontzertua eta 00:00etatik aurrera, Azkuenen, Kolpez Blai taldearen batukada. Bihar, berriz, 19:00etatik aurrera Karlos DJa ariko da Serafin Esnaola plazan, eta Tsunami orkestra toki berean gauerditik aurrera. Azkuenen, azkenik, O’ Club taldearen eskutik izango da biharko dantzaldia. Etzi, Trintxerpeko Musika Bandak jarriko du musika, 13:15etik aurrera Serafin Esnaola plazan emango duen kontzertuarekin. Pasaiako, Oarsoaldeko eta Bidasoko jaietako martxak interpretatuko dituzte. RocKalean (21:00etan) eta Sastakai txarangak(22:00) girotuko dituzte festetako azken orduak, zezen suzkoaren aurrekoak