Amaia Urdanpillleta eta Joxin Arregi dira Oinez proiektuaren sortzaileak. Beraiekin batera, Jeremi Bekone (haurra) eta Becaye Yancathe (gaztea).
Oinez hasteko, inoren laguntzarik gabe ibiltzeko beharrezko diren tresnak ematea, hori du helburu Oinez proiektuak. Gizarte bazterketa egoeran, edo horretatik gertu diren eta egoera larria bizi duten pertsonek bizitza duina izan dezaten bitartekoak eskura jartzea. Proiektu diskretua, isila, boluntarioa da, eta Amaia Urdanpilleta eta Joxin Arregi ditu bihotza eta arima.
Orain 11 urte abiatu zuten Oinez proiektua, baina ez da herritar askorentzat argitara atera, udalbatzak aho batez aurtengo madalenetan omentzea erabaki duen arte. Beraiek piztuko dute gaur, 19:00etan, Madalen Jaiei hasiera emango dien txupina.
Proiektuaren hasiera nolakoa izan zen azaldu du Arregik: «Arlo ezberdinetan lanean ari ginen pertsonak biltzen hasi ginen, kaleko jendearekin, espetxetik ateratako jendearekin, pobrezian kinka larrian zeuden familiekin… lanean ari ginenak elkartu ginen. Ohartu ginen, jendearekin planak egiten zirela, helburu batzuk jarri eta ‘aurrera egin behar duzue’ esaten genien. Baina aurrera egin daiteke jakin gabe non egingo duzun lo, non bazkalduko duzun, non izango zaren bihar…?».
Espazio anitza eta librea
Hausnarketarako bidea zabaldu zuten, eta konturatu ziren beste espazio bat behar zela, «proiektu asko dago, lan handia egiten da, baina espazio baten beharra zegoen». Espazio horrek, gainera, anitza behar zuela erabaki zuten, eta librea. Urdanpilletak esan du ez zutela problematika zehatz bat dutenentzat espazioa nahi, guztiak hartuko zituena baizik, «egoera larrian dagoen edozeinek lekua izango zuena. Etxean sartzen direnek ez dute besteen berri, ez zaie kontatzen ‘hau espetxetik etorri da eta beste hau kaletik’. Elkarrekin bizi gara bide bat egiteko».
Lan boluntarioa da proiektuaren beste premisa bat. Guztiak boluntarioak dira, eta inor ez da proiektutik bizi. Erakundeei ere ez diete laguntzarik eskatzen, «etxean bizi diren pertsonen eskubideak bermatzeko eskatzen diegu instituzioei», baina bizi, jendearen laguntzari esker bizi da proiektua. Bertan bizi direnak [Urdanpilleta eta Arregi etxe horretan bizi dira] familia bat dira, eta edozein familiaren moduan funtzionatzen dutela azaldu dute, «elkarrekin bizi gara, bakoitzak gero bere bidea egin dezan. Sartzen den pertsona, bikote edo familiak, berak jarriko ditu helburuak, guk erabaki duten bide hori egiten lagunduko diegu». Une honetan bost laguntzaile ari dira Arregi eta Urdanpilletarekin batera: «Nik Gautenan lan egiten dut txandaka, eta Joxin apaiza da. Bakoitzak gure lana dugu etxetik kanpo, eta laguntzaile horiek etxean daudenak medikura laguntzen dituzte, edota paperak egitera. Behar denerako prest daude».
Fatimako Andra Mariaren parrokiaren ondoko eraikinean du etxea Oinez proiektuak. Jesusen Lagundiak laguntza garrantzitsua eman diela nabarmendu du Arregik, «kaputxinoak bizi izan ziren aurretik bertan, ondoren Gizakia Helburu proiektua hartu zuen, eta orain gu gaude. Berogailua jarri behar izan genuen. Jende askok ematen dizkigu laguntza txikiak, erosketak egiteko eta abar, eta guretzat oso garrantzitsua da». Harago joan da Urdanpilleta: «Gertuko jendearen laguntza izugarria da, proiektua ezagutzen joan diren heinean laguntza gehiago izan ditugu, isilekoak izan dira, proiektua bezala, baina hilero iristen dira».
11 urtean 148 lagun
Oinez proiektuaren ibilbidean 40 haur eta 108 heldu pasatu dira etxetik: «Horietatik askok egin dute aurrera, eta beste kasuren batean ez dira erabat bete helburuak, baina jauzia egiteko behintzat, balio izan die». Une honetan zazpi haur eta bost heldu daude etxean. Jeremi Bekone da oinez proiektuan dagoen haurretako bat. Donostian jaio zen. Becaye Yancathe Senegaldik heldu zen, 26 urte ditu eta familiako kide bat gehiago da.
Oinez proiektuan dauden pertsonek errolda dute, eta hori abantaila dela esan du Arregik: «Eskola dute, osasun zerbitzua, tresna nagusiak, oinarrizkoak. Guretik familia asko pasatu dira eta ikustea seme-alabek eskola dutela eta aurrera doazela, osasuna zainduta dutela… asko laguntzen die eta animatu aurrera egiteko». Bertatik pasatutakoak ez dira atzerritik iritsitakoak soilik, herriko jendea ere izan da etxean, «egon dira eta izango dira ziurrenik», esan du Urdanpilletak.
Bi hilabete barru familia erabat aldatuko dela diote, «bost haur geldituko dira eta jende berria iritsiko da. Une batean hamazazpi lagun izan ginen bizitzen, eta gainezka egin zigun proiektuak. Kataluniako lagun teknikari batzuk esan ziguten ‘zuek familia bat izan behar duzue, ez aterpea’. Saiatzen gara otordu bat gutxienez elkarrekin egiten, zer elkarbizitza da bestela? Hamazazpi lagunekin ezinezkoa genuen hori, gogorra izan zen baina balio izan zuen momentuan. Pentsatu genuen etxean genuen lekua bete egin behar genuela. Gerora konturatu ginen bertan den jendeak helburuak betetzea dela garrantzitsua, nahiz eta tarte batzuk libre egon».
Baliabideak erabili
Etxean ez dute nahi inor geldirik. Ikastaroak egiten dituzte, eta horretarako, herrian bertan dauden baliabideak erabiltzen dituzte: helduentzako eskolak, Oarsoaldea Garapen Agentzia, eta gizarte zerbitzuak, besteak beste. «Bizi dituzten egoeretatik ateratzeko baliozko dituzten erremintak izatea nahi dugu. Oinez proiektuarekin hasi ginenean paperik gabeko atzerritar bat bazenuen etxean, 24.000 euroko isuna jasotzen zenuen. Apustua horregatik ere izan zen garrantzitsua. Lortu genuen jendearekin bide bat egitea, paperak egitea etorri ziren guztiekin. Orain nork lortzen du urtebeteko kontratua? Orduan lortzen genituen. Jendeak eman zigun laguntza ere horretan. Ate asko jo genituen, baita erantzuna jaso ere».
Ez da kasuala proiektuaren izena. «Hitz horrek familian hartzen duen garrantziagatik jarri genion Oinez. ‘Haurra oinez hasi da’ esaten dugunean inportantea da, inoren eskutik heldu gabe, bakarrik hasi da ibiltzen. Gure helburua hori da, jendea oinez hastea eta ateratzea bere etxera, bere bizitza egitera. Hau ez da betiko, une batean kinka larrian dagoenari hortik atera, eta bere kasa ibiltzen laguntzeko tresna baino».
Herriari ekarpena
Oinez proiektuak askotariko kolore, erlijio, hizkuntza eta kulturetako pertsonak biltzen ditu, gizon eta emakumeak, haurrak eta aiton-amonak, eta horrek, herriari ekarpena egiteaz gainera, Errenteriak bizi duen egoeraren isla dela zalantzarik ez du Arregik: «Herri anitza da gurea, bere zailtasunekin aurrera egin behar duena, eta etxe batean halako elkarbizitza anitza posible bada, erakusten ari gara herrian ere posible dela, zailtasunak handiak direla, baina posible dela eta aberasgarria».
Aniztasun horri nortasuna ematen diona euskara dela gaineratu du: «Etxeko haur guztiak euskaldundu egin dira. Euskarak batuko du aniztasun hori. Garai batean ez, baina gaur egun, atzerritik etorritako gurasoentzat garrantzitsua da seme-alabek euskaraz egitea, beste momentu bat da hau».
Aurtengo madalenetako omenduak izatea eta gaur txupinazoa botatzea «harritu eta hunkitu» dituela aitortu dute biek: «Gure proiektua herrian egiten den lan horietatik tanta bat da. Pentsatu nahi dugu gure lanaren aitortza, pertsonen alde lan egiten ari diren guztientzako txalo bat dela. Gainezka sentitzen gara, gure aurretik izen eta aurpegi asko jarriko genituzkeelako guk omentzeko. Errenterian jende asko dago buru-belarri lanean. Errenteriak beti izan du mugimendua kultural eta soziala, jendea oso konprometitua da».
Ederrena, berria jendeak nola hartu duen izan da Urdanpilletarentzat, «kalean ikusi eta esaten digute ‘oso ondo, merezi duzue’. Ikustea herritarrak aitortza horren parte sentitzen direla izugarria da».
Arregiren ustez, positiboa izan da beste alde bat ere ikusteko, «bateren bat hurbildu zaigu esateko, ‘nirekin ez zenuten ba asmatu’, eta hori ere jaso eta onartu behar da. Ez dago arantzarik gabeko arrosarik».
Egoera berriei erantzun
Irailera begira dago Oinez. Eskaera dezente jaso dituzte ordurako, asko berriak direla diote, orain arte jaso gabeko egoeratan datozen pertsonenak, eta horri erreparatu dio Arregik: «Jende oso heldua iristen ari zaigu, bere bizitza osoan gizarte segurantzan kotizatu ez duena, eta horrekin egoera oso larria aurkitzen ari gara. Ez dakigu zein tamaina duen mundu horrek, eta agian orain horretan hasi behar dugu… ziurrenik beste ate bat zabaldu beharko dugu».
Oinez proiektua omendu zuen udalak atzo.
Proiektuari omenaldia eta aitortza
Atzo arratsaldean omendu zuen udalak Oinez proiektua. Amaia Urdanpilleta eta Joxin Arregi hautatu zituzten proiektuaren izenean, eta haien lan eskergari aitortza egin zioten atzo. Proiektuaren bi sortzaileak, une honetan Oinezen etxebizitzan elkarrekin bizi diren lagun guztiekin batera izan ziren omenaldian.Haurrek euskaraz, eta helduek bakoitzak bere hizkuntzan, azaldu zuten proiektua bildutakoen aurrean: arabieraz, errumanieraz, lingalaz (Kongoko Errepublikako hizkuntza) eta manjagoz (Senegalgoa). Gaur udaletxeko balkoia beteko du Oinez proiektuak txupinazoa piztu eta jaiei hasiera emateko. Duintasunaren eta aniztasunaren txupinazoa izango da