Madalenen barruan eta Kalera Kalera dinamikak antolatutako errepresaliatuen aldeko bazkarian jaso du harrera Lujanbiok.
Herritarren berotasuna jaso du Lujanbiok, gaur berriz ere.
Sei urte eta erdi espetxean eman ostean, Foncalent espetxetik (Alacant) aske irten zen Xabier Lujanbio hilaren 17an. Egun hartan bertan lehen harrera jaso zuen oreretarrak, baina gaur, madalenen barruan eta Kalera Kalera dinamikak antolatutako errepresaliatuen aldeko bazkarian jaso du harrera Lujanbiok. Hamarnaka lagun bildu dira eta txikitatik hasita gaztearen bizitzari errepasoa eginda, espetxea berarekin konpartitutako lagunen mezuen txanda heldu da.
Hunkitu ere eginda Lujanbio, espetxean gelditutako kide baten gutuna, Irkus Vadillorena, irakurri diotenean. Esker hitzak izan ditu oreretarrak sei urte eta erdian familia lagundu duten herritarrentzat, berekin izan direnentzat, gaur harreran bildu direnentzat eta lanean urteak daramatenentzat… eta lanean jarraitzera deitu ditu bildutakoak: “Espetxe barruan dauden anai-arreba horiek guztiak kalean aske izan arte”.
Kalera Kalera dinamikako kide Aimar Altunak ere hartu du hitza. Egun hauetan Kalera Martxa egiten ari dira eta bertako ikur bihurtu den peto horia eman dio Lujanbiori, martxan parte hartzen ari diren kide guztien izenean. Une honetan 329 euskal preso daudela esan du Altunak: “Kontagailu hori zeroan jarri behar dugu, eta horretarako lanean jarraituko dugu etxean izan arte, maite ditugulako eta ez ditugulako bakarrik utziko”.
Harrera eginda, mahaiaren bueltan bildu dira elkartutako guztiak jai giroan bazkaltzera, baina aldarrikapena eta etxetik urrun direnak ahaztu gabe.