Erraketistak izango dira gaur lehian Agustina Otaola pilotalekuan. Gainera, kirol egokituko partidak eta Joakin Etxeberria memorialekoak ere izango dira.
Ikuskizun polita emango dute erraketistek gaur.
Agustina Otaola Raketista Profesionala pilotalekuan jarduera asko egiten ari dira madalenetan. Hilaren 22an, Jose Antonio Zuloaga Memorialaren barruko finalak jokatu zituzten; atzo, eskuzko profesionalen txanda izan zen; eta gaur arratsaldean, askotariko pilota lehiak ikusteko aukera izango da.
16:30ean hasiko dira gaurko partidak. Lehenik eta behin, Mindararen eskutik, kirol egokituko pilota partidak izango dira jokoan. Horien ondoren, erraketisten txanda, lehenik kiniela erako jokoa, eta ondoren bikoteen arteko partida.
Kinielan, euro baten truke, sei pilotariren artean lehena eta bigarrena nor izango asmatzeko aukera izango dute txartela hartzen dutenek. Behin kinielako lehia bukatuta, asmatzaileen artean Mahalaren saski bat zozkatuko dute. Honakoak dira pilotariak: Ane Thate (Plentzia), Miren Larrarte (Bidania-Goiatz), Susana Muneta (Legaria), Nagore Martin eta Maria Saez (Gasteiz), eta Amaia Araiztegi (Mallabia). Kinielaren ondoren, Martin-Saez eta Muneta-Araiztegi bikoteen arteko partida jokatuko dute.
Errakestisten erakustaldiak Raketistak Lehen eta Orain Kultur Elkarteak antolatu ditu. Erraketisten modalitatea berreskuratzeko lan handia egiten ari dira elkarteko kideak, eta partidak programatzeaz gain, emakume kirolari horien gaineko erakusketa herriz herri zabaltzen ari dira, eta gainera, udazkenerako erraketisten gaineko dokumentala egina izango dute.