Paco Rabanneren itzulera
Denboran bidaia bat proposatzen du gaur Trintxerpeko Ziriza Etxean inauguratuko duten erakusketak, Pasaiaren eta Paco Rabanne jostunaren arteko harremanean oinarrituta.
Gaur inauguratuko dute Trintxerpeko Ziriza Etxean Pasaia Rabanne, imaginarioaren arrazoiak erakusketa. Trintxerpeko Illunbe Musika Elkartearen proiektu bat da, jostun pasaitarraren bizitza jaso eta kontatzeko asmoz sortua.
Kike Santiagok idatzi eta zuzendu du proiektua, eta sortzaile eta boluntario asko izan ditu bidelagun, bitarteko material eskasekin, zenbatu ezin den ilusioarekin. Inauguraziorako bi egunen faltan eta lanez lepo [asteazkenean bildu zen Hitzarekin], proiektua nola jaio zen kontatu du: «Paco Rabanne Trintxerpera lehen aldiz etorri zenean jaio zen proiektua, 1996. urtean». Orduan hasi zen Trintxerpeko jostun ospetsuaren eta Illunbe elkartearen arteko harremana. Santiagok gogoratu duenez, El acomodador opera sortu zutenean Rabannerekin elkarlanean. «Handik aurrera, hasi ginen hitz egiten Trintxerpen Paco Rabanne espazioa sortzeko aukeraz eta beharraz», gogoratu du.
Baina garai batean arduradun politiko askoren ahotan izan zen proiektu hura, badiaren biziberritzerako gakoen artean hainbestetan agindutakoa, beste egitasmo askoren antzera, tiradera batean sartu eta ahanzturan erori zen. «Erakundeek ahaztu dute proiektua, baina ez herritarrek. Herriak oraindik badu proiektu honen beharra», ohartarazi du Santiagok. Erakusketa, beraz, Paco Rabanne espazioa aldarrikatzeko behar horretatik eratorri da, eta herritarrek pentsatu, sortu eta gauzatu dute, jostunarekin erabateko oniritziarekin eta harekin elkarlanean.
«Erakundeek ahaztu dute Paco Rabanne proiektua, baina ez herritarrek»
Kike Santiago
Sorkuntza zuzendaria
Data ez da ziurra oraindik, baina Paco Rabanne erakusketara etortzekoa dela diote antolatzaileek: «Etorriko da. Gaixorik egon da, eta ahul dago orain bidaiatzeko. Hala ere berarekin kontatzeko esan digu». Bisita abuztuaren erdialderako espero dute antolatzaileek, eta erakundeek merezi bezalako harrera egingo diotela desio du Kike Santiagok, «Sorkuntzarako eta Berrikuntzarako Paco Rabanne espazioa Trintxerpen eraikitzeko hitzarmena sinatuz».
Lan kolektibo eta soziala
Illunbe elkartearen proiektu honetan sortzaile pasaitar asko aritu dira lanean, asko eta asko, arte plastiko eta eszenikoen alorrekoak. Besteak beste, Juanje Neira, Xabier Baztarrika, Ane Baztarrika, Jone Aranzabal eta Gema Duran.
Baina lantaldea ez da sortzaileetara mugatu. Migratzaileek eta errefuxiatuek baita ere parte hartu dute, Santiagok nabarmendu duenez gaur egungo bi problematika horietan jarri nahi izan dutelako fokua: «Pacori idatzi genion esanez nahi genuela erakusketaren sortze prozesuan gaur egun ikusezina den jende horrek guztiak parte hartzea, eta hari primeran iruditu zitzaion». Gurutze Gorriaren bitartez, errefuxiatuak hasieratik ari dira proiektuan.
Abendura bitartean
Erakusketa «animalia bizi» bat izatea nahi du Kike Santiagok, denborak aurrera joan ahala bilakaeran joango den espazioa: «Ostiralean [gaur] etortzen dena berriz ere abuztuaren 15ean etorriko balitz, bilakaera igarriko du».
Izan ere, erakusketarekin paraleloan kultur programazio bat izango da. «Hilero erakusketa desberdin bat ekarri nahi dugu, eta kontzertuak programatu… lanean jarraitu hemendik botatzen gaituzte arte», gaineratu du.
Hasteko abendura arte egongo da zabalik erakusketa, baina antolatzaileek badute denboran epe hori luzatzeko itxaropena. «Erakusketak ez badu funtzionatzen guk kenduko dugu, baina funtzionatuko balu, eutsi beharko litzaiokeela uste dugu».
Hamar geltoki, ibilbide bat
Gaur inauguratuko duten erakusketa ez da jantzien ohiko erakusketa izango. Zirizako erakusketak jostunaren bizitza ezagutu nahi duen orori ibilbide bat proposatuko dio, hamar geltokiko ibilbide bat, eta tartean hamaika usain eta sentsazio.
Lehen geltoki edo espazioan, Pasaia eraikitzen izenekoan, 1936ko gerra irudikatu dute, Rabanneren familiaren historia gogoratzeko. «Paco Rabanneren aita Trintxerpeko futbol taldeko delegatua izan zen, eta gu guztion eskubideak defendatzeagatik hil zuten. Bere ama, Balentziagaren tailerrean jostunen nagusia ez ezik, militante komunista oso garrantzitsua izan zen, eta guk ezezaguna zen militantzia hori balioan jarri nahi izan dugu», baietsi du Santiagok, 1936ko gerrak jostunaren bizitzan izan zuen eragina nabarmenduz.
Gerratik ihesi joan zen Rabaneda familia Pasaiatik, eta handik gutxira iritsiko da, Santiagoren ustez, «jostunaren bizipenetan mugarri funtsezkoenetakoa, jostuna oraindik 7 urteko haurra zela bidaia astrala izan zuenekoa». Ibilbidearen bigarren geltokian irudikatu dute pasartea, Bizipenak deritzan espazioan, Ane Baztarrikak tindatutako ehunekin eraikitako pasabidean. «Denboraren tunela da, kasik umetokia». Bisitariak elkarrizketa bat entzungo du tunelean barneratzen, haur eta heldu baten artekoa. Santiagok nabarmendu duenez, elkarrizketaren testua Rabannek berak hitzez hitz kontatutakoa da.
Itzulera dator gero, ibilbidearen hirugarren geltokia, jostunaren etxera buelta. «Eta horregatik, itsasoa, gatza… eta hor, ikus-entzunezko baten bidez Paco Rabanne bera ikusteko aukera izango da, bere izena daraman traineruan».
Oraina, promesen lurraldea
Paristik maitasunez. Hala du izena laugarren geltokiak, oraina irudikatzeko sortua. «Espazio honetan prentsa artikuluen bidez jaso dugu Pasaiari egin zaizkion promesa denak. Pelikula bat ere bada, oso adierazgarria, gogora ekartzeko Paco Rabanne espazioari buruz esan direnak».
Eta Paristik maitasunez espaziotik, Irudimenezko basora jauzi. «El acomodador operaren interpretazio berri bat da, erabili genituen jantziekin, herritarrok jostunarekin elkarlanean sortzeko gai izan garen guztia erakusteko».
Dolarraren Hirian
Wichita zinema izena du erakusketako zortzigarren geltokiak, Trintxerpe Dolarraren Hiria izenaz ezaguna izan zen garaia gogoan. Espazio horretan 1983. urteko dokumental bat proiektatuko dute, pasaitar askoren testigantzekin. «Herriko jendea agertzen da dokumentalean, Pasaiako arazoei buruz hizketan, eta gauza oso zentzuzkoak esaten, gaur-gaurkoz gertatzen ari denari erreparatuta, bete-betean asmatzen dutenak».
Eta zinematik, mediatekara, Paco Rabanne espazioarentzat landutako proiektuak ezagutzera. Arkitektura ikasleek landutakoak dira proiektu guztiak, 1997. urtean, unibertsitateko ikasketa bukaerako proiektu gisa. «Paco Rabanne espazioarentzat 60 proiektu egin zituzten orotara, eta Paco Pasaiara etorri zenean horietatik 20 hautatu zituen. Horiek dira hemen ikus daitezkeenak».
Ibilbidearen azken aurreko geltokia da mediateka, bukaerako Rabanne islatzen izeneko espaziora iritsi aurrekoa. «Azken espazioan Paco Rabannek erabili izan dituen materialak erakutsi nahi izan ditugu. Bera metalurgikoa zenez, aluminioarekin lan egin dugu, eta berak ezinezko soinekoak diseinatzen zituenez, guk kristalezko soinekoa irudikatu dugu».
Itsasoaren erdian dago ezinezko soineko gorria, badiaren erdian, eta bisitariak, zaila izango du soinekoa ikus daitekeen lekuraino iristea, Pasaian bezala, erakusketan ere, itsasoa izango dutelako bide erdian, batzen eta bereizten, dena bat.
«Sortu ditudan ehunak emozioetatik lantzen saiatu naiz»
Ane Baztarrika. Ehun diseinatzailea.
Iazko udaratik aritu zara gaur inauguratuko den erakusketarako lanean. Nola sortu zitzaizun aukera?
Ni ehungintza diseinatzailea naiz, eta horrez gain grafikan eta arte ederren esparruan aritu naiz lan egiten. Hona etorri baino lehen Amsterdamen eta Japonian egon naiz tinteak-eta ikertzen, esperimentazioak egiten, metodo natural, ekologiko eta iraunkorrekin.
Pasa den udaran, aitak [Xabier Baztarrika, sortzaile sanpedrotarra eta proiektuko kidea] kontatu zidan Pasaian bazela Paco Rabanneri buruzko proiektu hau. Ni Herbehereetan bizi nintzen orduan, eta etorri nintzenean hona oporretara, ez nuen atsedenik hartzeko denborarik izan. Buru-belarri hasi nintzen hemen lanean eta gaur arte.
Eta zein izan da zure ekarpena?
Batetik prozesu osoari forma ematea, eta bestetik, erakusketako ehunen arloa lantzea, ikerketa kutsu hori emanez ere.
Ni saiatu naiz sortu ditudan ehunak emozioetatik lantzen eta sentsazioen mundu hori transmititzen. Paco Rabannek asko landu zituen sentsazioak, baita berrikuntzak eta beste egiteko moduak ere, eta ni ere horretan saiatu naiz. Adibidez, itsasoa. Nola transmititu itsasoa oihalen bidez? Bada, erakusketara sartzen zarenean itsasoa usainduko duzu, baita gatza ere, eta arretaz begiratuta testura asko daudela ikusiko duzu, toki batetik bestera asko aldatzen diren testurak.
Gustura zaude egindako lanaren emaitzarekin?
Bai. Niretzako lehen aldia izan da hain eskala handian lan egiten, eta oso ondo atera da dena. Egia esan, proiektu honek nire espektatibak gainditu ditu.