Hilabete honetan amaituta behar zuten lanak atzeratu, eta estalpea ez da bukatuta izango urrira arte. Jolastoki txikiagoa izango dute, momentuz, Herri Eskolako ikasleek. Estalpe berria beharrezkoa ikusten dute herritarrek.
Egoera honetan daude lanak une honetan Lezo Herri Eskolan. Ikasleak hilaren 7an itzuliko dira.
Irailaren erdialderako amaituta behar zuten Gezalako aldagelak eta Lezo Herri Eskolako jolastokiko estalpeak. Lehenak, hilaren hirugarren asterako amaituta izango direla esan du Imanol Etxeberria Lezoko Udaleko aparejadoreak, baina estalpeaz gozatzeko, gehiago itxaron beharko dute lezoarrek. Urriaren 20aren bueltan amaitzea aurreikusi du, herenegun lanak egiten ari den enpresarekin bildu ostean: «Oporrak direla-eta atzeratu egin da egurrezko egituraren entrega. Hilaren 18an helduko da, eta muntatzeko beste bi aste beharko dituzte. Estalpea jartzeko beste bi aste beharko dituzte langileek, eta azkenik, bi egun argiteria jarri eta asfaltatzeko».
Atzerapenak eragina izango du herritarrengan, baina batez ere Lezo Herri Eskolako ikasleengan. Estaliko duten kirol kantxa ezingo dute erabili jolas garaian edota jangela aurretik eta ondoren. Horren harira, Lezo Herri Eskolako zuzendaritzarekin bilera egin zuen herenegun Etxeberriak, «atzerapenaren arrazoiak azaldu eta eragindako eragozpenei irteera bat eman ahal izateko. Argi utzi diegu arazoa ez dela udalarena, ez dagoela gure esku. Arazoak izan ditu enpresa esleipendunak eta horregatik atzerapena».
Segurtasun neurriak
Lezo Herri Eskolako ikasleak hilaren 7an itzuliko dira eskolara, eta Gezala zein jolastokiko estalpea egiten jarraituko dutenez, lanak egiten ari diren bi enpresek hainbat segurtasun neurri hartuko dituztela azaldu du Etxeberriak: «Eskola ordutegitik kanpo sartu eta aterako dute materiala, obraren perimetroa hesituko da, eta sare bat jarriko dute ».
Lezo Herri Eskolako gurasoek eskatuko balute bilera egiteko prest azaldu da, «ni neu eta politikariak prest gaude gurasoek hala eskatzen badute azalpenak emateko».
Olatz Aldabe Lezo Herri Eskolako zuzendariak esan du datak izan direla arazoa, «enpresa bat abuztuan hasi da, eta besteak, ekainaren amaieran jakin zuen lanak berak egingo zituela. Arazoa material eskaera egiteko garaian iritsi zaie, abuztuan dena itxita dagoelako. Aparejadorearekin bildutakoan eskatu genion hurrengoetarako kontuan hartzeko halako egoerak. Idatzita dago irailerako amaituta egon behar dutela lanek. Ez genuen sinistu hala izango zenik, baina halako atzerapena ere ez genuen espero».
Kirol kantxa itxita izango da eskolen lehenengo hilabete eta erdian, eta Gezala inguruan itxitura egingo dute lanekin jarraitzeko: «Ikasleek, ondorioz, toki gutxiago izango dute, baina egia da, momentuz, euria egiten duenean hori baino toki txikiagoa izaten dugula. Ez da gertatu daitekeen gauzarik larriena, baina ikasturtea horrela hastea ere, ez da polita». Zaratari aurre egiteko, berriz, leihoak itxita izango dituzte ikasgeletan: «Hala gertatu da, eta zer egingo diogu».
Estalpea, beharrezkoa
Estalpea «beharrezkoa» dela dio zuzendariak: «Hemen euri dezente egiten du, eta une honetan jolastokian dugun estalpea izugarri txikia da. Barruan ere badute soto bat, baina ez dakit nola sartzen den hainbeste haur bertan. Estalpe berriarekin, lasaitasun izugarria izango dute tokiaren aldetik eguraldi txarra egiten duenetan. Guretzat behar-beharrezkoa da».
Aurtengo aurrekontu proiektuaren inbertsioen atalean aurreikusi zuen udalak Lezo Herri Eskolako jolastokia estaltzea. Proiektuaren helburua, haurrei eta herritarrei oro har, espazio estali berri bat eskaintzea da udalaren esanetan, «eguraldi txarra egiten duenean, haurrek bereziki, non jolastu izan dezaten».
Horrela gelditu behar du estalpeak lanak amaituta.
Estalpearekin batera, ikastetxearen eraikina eta jolastokia isolatu egingo dituzte, eskola orduetatik kanpo herritarrek eta kultura zein kirol taldeek egitura horiek erabiltzeko aukera izan dezaten. Ikastetxearentzat hobekuntza da, baina herritar guztiei zabalik izango den azpiegitura izatera eramango du jolas eremu hori, ikastetxea itxita dagoenean ere erabiltzeko aukera egongo delako, hain zuzen ere, 21:30ak arte.
Gezalan Auditoriumean aldagelak eginda, berriz, edozein kultur ekitaldi egiten dutenen beharrei hobeto erantzun nahi die udalak, ikuskizunak eskaintzen dituzten bertako zein kanpoko talde amateur edo profesionalen baldintzak hobetzeko eraikiko dituztela aldagelak udalaren arabera, «taldeetako kideek gauzak non utzi, non aldatu eta agertokira igo aurretik lasai egoteko espazio bat izango dute».
Lezoarren iritzia
Herritarrek ongi hartu dute estalpearen berria. Herri guztiek halako espazioren bat behar lukete Mari Jose Azpeiti lezoarraren iritziz, «estalitako eremu oso gutxi dago Lezon, momentuz Saldise plaza, eta zoragarria iruditzen zait beste gune estali bat izatea herrian. Astean zehar zein asteburutan izango da bertan egoteko aukera eskola orduetatik kanpo. Beharrezkoa da, ume asko dagoelako herri honetan».
Lanen atzerapenak, berriz, Lezo Herri Eskolako ikasleengan eragina izango duela uste du, «atzerapenarekin ez dakit nola moldatuko diren jolastoki garaian. Hilabeteko atzerapena gehiegitxo iruditzen zait».
«Hobetzeko bada, positiboa da». Argi dute Presen Telletxeak eta Isabel Goñik, beraiek ere bilobak dituzte, Telletxearenak Lezo Herri Eskolan ari dira ikasten: «Eskolatik aterata eguraldi txarra egiten duen egunetan bertan gelditzeko aukera izango dute, eta ongi dago hori. Euria denean ere, haurrek egoteko, jolasteko lekua behar dute». Uste berekoa da Goñi, eta atzerapenak «denean gertatzen direla» esan du, «normala da. Halere, konturatu gara haurrak eskolan hastear daudela eta lanak ez daudela oso aurreratuak».
Estalpea izatea herrian ezinbesteko iruditzen zaio Arkaitz Urkizu lezoarrari ere, «oso ondo iruditzen zait Herri Eskolako jolastokia estaltzea, jolasteko eta egoteko izugarria da. Momentuz, Saldise plaza daukagu gune estali modura, bakarra da hori, eta askotan haizearekin korronte handia sortzen da bertan. Herrian bigarren espazio estalia izatea oso ondo iruditzen zait, eta ondo datorrela herritarrentzat, batez ere haurrentzat».