Zabalik da jada Oarsoaldeko euskaltegietan izena emateko epea: Irailaren 1etik irailaren 27ra.
Garazi Lopez de Etxezarreta Errenteriako zinegotzia, Jesus Maria Martiarena Lezoko alkatea eta Ioritz Aizpuru Oiartzungo zinegotzia ezkerrean. Borja Arbelaitz Oarsoaldeko AEKko zuzendaria, Ane Amondarain Errenteriako Udal Euskaltegien zuzendaria eta Gema Amundarain Pasaiako Udal Euskaltegiaren zuzendaria eskuinean.
Oarsoaldeko lau udaletako zein udal euskaltegietako eta AEK-ko ordezkariek prentsaurrekoa egin dute Oiartzunen gaur goizean. Euskaltegietan izena emateko epea zabalik dela esan dute, gaurtik 27ra arte.
Sei euskaltegi daude eskualdean, eta horietako edozeinetan eman dezake izena euskara ikasi zein hobetu nahi duen orok. Bakoitzaren behar eta erritmoei egokitutako ikastaro eta ordutegi desberdinak eskainiko dituzte. Gehiengoari komeni zaion ordutegi zein eskola-erritmoa jar dezakete martxan ikasleek, baita eskolak non jaso ere.
Euskaltegietan izena emateko arrazoiak hamaika izan daitezkeela gogorarazi dute: euskara hutsetik ikasi, idazten edo irakurtzen ikasi, familia arteko ohiko hizkuntza euskara izan dadin laguntzeko, komertzioetan bezeroekin euskaraz aritzeko, EGAko azterketa gainditzeko edo beste hamaika arrazoiengatik.
‘Egin TTAK, euskaratik TIK’
Aurtengo matrikulazio kanpainaren leloa
Egin TTAK, euskaratik TIK izango da. “Ez galdetu zer egin dezakeen zeure herriak zugatik; galdetu zer egin zenezakeen zuk zeure herriagatik”. Kennedyren hitzak ekarri ditu Borja Arbelaitz Oarsoaldeko AEK-ko zuzendariak kanpainaren mamia azaltzeko. Pertsona bakoitza eragile izateko eta norberaren bizitzetan, lantokietan eta familian oihartzuna izateko mezua zabaldu nahi izan dute.
Era berean, diru laguntzak emango dituztela azaldu dute. Hartzaile motaren arabera (langabetua, gurasoa, merkataria) %50etik %100era bitarteko laguntzak emango dituzte. Errenterian, esaterako, langabeentzako doako eskaintza egiten dute, eta %80koa herritar guztientzat. Lezoar guztiek, berriz, %100eko laguntza eskura dezakete. Bietan baldintza asistentziaren %85a betetzea izango litzateke. Oiartzunen%50a jasoko lukete herritarrek eta %70a ikasle, guraso, hezitzaile, pediatra, langabe eta pentsiodunek. Eta Pasaian, %75a herritarrek eta %100a ikasle, guraso, langabe, hezitzaile eta Pasaiako komertzioetako langileek.
Informazio zehatzagoa lortzeko euskaltegietan edo udaleko euskara zerbitzuan galdetzeko aholkatu dute. Eskuorri bat ere banatuko dute etxeetan, herri bakoitzak bertako euskaltegien informazio zehatza azalduko du. Gainera, ate irekien eguna antolatu dute irailaren 16rako; Euskaltegi bakoitza irekita egongo da instalazioak ezagutu eta eskaintza akademikoaz gehiago jakiteko irakasleen ahoetatik.
Oarsoaldeko euskaltegiak
- Xenpelar AEK: Errenteria-Orereta. (Biteri Kalea 20) – 943 340 233 – orereta@aek.eus
- Errenteriako Udal Euskaltegia: Errenteria-Orereta. (Migel Zabaleta kalea 14) – 943 449 680 – euskaltegi@errenteria.eus
- Oroitzene AEK: Lezo. (Donibane kalea 12) – 943 519 144 – lezo@aek.eus
- Intxixu AEK: Oiartzun. (Aialde kalea) – 943 493 957 – oiartzun@aek.eus
- Txirrita AEK: Pasai Antxo. (Zumalakarregi kalea 9) – 943 525 545 – pasaia@aek.eus
- Pasaiako Udal Euskaltegia: Trintxerpe. (Euskadi etorbidea 61) – 943 004 340 – zuzendaritza@pasaia.eus