San Juan B KAE1 Mailara igo da. Igoerako play-offa asteburuan jokatu da, Donostian eta Portugaleten egindako erlojupekoetan.
San Juango arraunlariak, zaleekin, igoera lortu ostean. Argazkia: Josu Zelaiaran.
Arraunaren KAE2 Mailatik KAE1era igotzeko kanporaketa jokoan izan zen asteburuan, Donostian lehen jardunaldian eta Portugaleten bigarrenean, larunbatean eta igandean hurrenez hurren. Bertan, San Juan Bk KAE1era joateko eskubidea lortu du bai
play-off horretan egindako lan bikainagatik, bai eta sasoian izandako bilakaera onagatik.
Hibaika igoeraren atean gelditu da aurten ere, urtez urte hobetzen ari da errenteriarren gizonen taldea, eta aurten eskura izan dute koska bat gora egitea. Pena, ordea, sanjuandarrekin batera igo ez izana. Hurrengo sasoian garbi joango dira igoeraren bila, baldin eta taldea mantentzen badute.
Hibaikako arraunlariak, Portugaleteko estropada bukatuta. Argazkia: Josu Zelaiaran.
Larunbateko jardunaldian Portugalete izan zen lehena, bigarrena San Juan, hirugarrena Orio B eta laugarrena Hibaika. Igandekoan, San Juanek irabazi zuen estropada, Hibaika bigarren izan zen, Orio B hirugarren eta Portugalete laugarren. Hartara, bi jardunaldiak batuta, horrela gelditu zen puntukako sailkapena (lehen biek lortu dute KAE1en plaza: San Juan igo da, eta Portugalete mantendu egin da). Estropadan bakoitzean lehenak 4 puntu eskuratzen zituen, bigarrenak 3, hirugarrenak 2 eta azkenak 1. Bi estropadak erlojupekoak izan ziren.
- San Juan B 7 puntu.
- Portugalete 5 puntu.
- Hibaika 4 puntu.
- Orio B 4 puntu (denboren batura eskasagoagatik, Hibaikaren atzetik).
Albiste honetan dauden argazkiak
Josu Zelaiaranek ateratakoak dira. Bere galeria pertsonalean askoz gehiago ditu.
Pozik
San Juan-Koxtape Arraun Elkartean pozik daude. Klubaren traineru nagusiek egiten dutenaz gain, balorean jarri nahi dute harrobiko taldeek egiten dutena. Horren seinale da gizonen B ontziaren igoera pozez, poz handiz, jaso dutela. Iaz Oiartzunekin elkarlanean hasitako bidea behin bukatuta, aurtengoa arraunlari askoren afirmatzea izan da, eta iazko bide beretik, banderak irabaziz (Lapurdirekin eta Hibaikarekin lehia estuan ia beti), lortu dute mailaz igotzea klubeko gazteenek, “gure filosofia taldea hartu genuenean harrobiko lanarekin jarraitzea izan zen. Hori da gure bidea, ez dugu besterik. Oso pozgarria da guretzat igoera hau”, esan du Xabier Arrarasek, taldearen presidenteak.
Etorkizuna bermatuta dutela adierazi du Arrarasek. Baina beti horrek harrobiko lanari lotuta joan behar duela ziur da, “harrobia osasuntsu dago. Beraz, kluba ere bai. Itxaropen handia dugu emakume eta gizon gazteengan. Hori da gure bidea”.
Uretan plaza lortu, eta hori baliatuko dute. Erabakia irmoa da: uretan lortutako igoera ez du inork geldituko, KAE1eko plaza aprobetxatuko dute. Horrela, traineru klub guztien artean, hiru liga onenetan (Eusko Label, Euskotren eta KAE1) traineru bat izango duen elkarte bakarra izango da 2018an San Juan-Koxtape.