Atzerapenez doaz Lezo Herri Eskolako jolastokian estalpea jartzeko lanak. Kurtso hasierarekin bat egingo dutelako, neurri bereziak adostu dituzte.
Egoera honetan daude lanak une honetan Lezo Herri Eskolan. Ikasleak hilaren 7an itzuliko dira.
HITZAk joan den ostiraleko papereko edizioan iragarri bezala, atzerapenez doaz Gezala Auditoriumeko aldagelak egiteko eta Lezo Herri Eskolako estalpea eraikitzeko lanak. Udalak horien gaineko xehetasunak eman ditu: Gezalako aldagelak iraila bukaerarako bukatuta egongo direla adierazi du, eta ikastetxeko estalkia urriaren erdi-amaiera aldera prest egongo da. Lanek Herri Eskolako ikasturte hasierarekin bat egingo dute (etzi, ostegunean, hasiko dituzte ikasleek klaseak), hortaz, lanak egiten ari diren enpresek segurtasun neurriak areagotuko dituzte, haurren segurtasuna bermatze aldera batez ere.
Atzerapenaren arrazoiak azaldu ditu udalak. Eraikinak egiten ari den enpresak ez ditu garaiz jaso horiek egiteko gai eta materialak, “enpresa hornitzaileek ez dizkiete garaiz bidali. Horrek obrak atzeratu ditu”. Segurtasun neurrien artean, besteak beste, materiala eskola orduetatik kanpo sartuko dute zonalde horretara, eta obren inguru osoa hesituko dute, baita sare bat jarri ere.
Hala ere, hori jakinda, udala Herri Eskolako zuzendaritzarekin bildu da arazoaren nondik norakoak azaltzeko. Gurasoen ordezkariekin eta irakasleekin ere bilduko da.
Udalak barkamena eskatu die lezoarrei atzerapenak eragin ditzakeen eragozpenengatik. Eta esan du behin eraikitze lanak bukatzen direnean lezoarren aisiarako eremu estali berri bat izango dutela, eskola orduetatik kanpo ere erabili ahal izango dena. Gezalako aldagelen kasuan, berriz, kultur taldeen beharrei hobeto erantzuteko lanak direla adierazi du udalak.