Igandeko estropadari begira indartsu eta gogotsu daude Donibaneko arraunlariak. Aurreikuspena eta sentsazioak azaldu dizkio Xabier Arraras presidenteak HITZAri.

Batelerak, iaz Kontxako bandera jaso berritan, Donostian.
San Juan- Koxtape Arraun Elkartea “itxaropentsu eta indartsu” azaldu da igandera begira. Emakumeek Kontxa irabaztea eta gizonezkoek txanda irabaztea dute helburu. Zein aurreikuspen eta sentsazio dituzten kontatu dio HITZAri Xabier Arraras elkarteko presidenteak.
Emakumeetan,
Hibaikaren 2,66 segundoko abantaila gainditzeko aukerak badituztela sinetsita dago Arraras. “Arraunlariak indartsu daude eta konfiantza osoa daukagu haiengan. Hibaika irabazteko norbait gai bada , batelerak dira”, dio. Iaz batelerek markatu zuten abantaila lehen igandean eta Hibaika zegoen presiopean. Aste guztiko zaleen animoak eta indarrak batuta, bigarren igandeko estropada irabaztea lortu zuten errenteriarrek, abantaila gainditu ez arren. “Guk, zergatik ez?”, adierazi du Arrarasek.
Eguraldiak eragin handia izango duela gaineratu du, izan ere, Hibaikak ibaian jokatutako estropada ia guztiak irabazi dizkio aurten bateleren ontziari. “Itsaso barean Hibaika indartsuagoa da. Baina itsaso zabalean, baldintzak kaskarragoak direnean eta olatuak daudenean, maiz irabazi dute gure neskek hiru segundo baino gehiagoz”, adierazi du. Horrela bada, pozik agertu dira iganderako itsaso mugitua eta 2 metroko olatuak eman dituztelako eguraldi iragarpenek.
Maila ematea eta estropada ona egitea dute helburu, eta baita bandera irabaztea ere: “Lehen segundoetatik errenta hartu eta lehenbailehen aurretik jartzea komeni zaigu. Igandean zerotik hasiko gara; errenta kontran, baina gainditzeko gai”.
Urte biribila sanjuandarrena
Gizonezkoen traineruak urtean jarritako helburu guztiak bete dituela azaldu du Arrarasek. Eusko Label ligan 6.postua mantendu eta Kontxan “indartsuenekin” sartzea lortu dute. Igande honetan Zierbena, Tiran eta Donostiarrarekin lehiatuko dira txandan, eta “borrokatua egongo den arren”, txanda irabazteko aukerekin eta gogotsu azaldu dira: “Gure zaleei garaipen hori eskaini nahi genieke”. Era berean, traineruan 24 urtetik beherako sei gazte daudela esan du, eta lehen aldiz lehiatuko direla Kontxako estropadan: “Lehenengo gauza disfrutatzea izango da”. Hauek ere itsasoa lagun izan dezaketela gehitu du.
Urtea biribila izan du, beraz, San Juanek: “Lan egiteko moduagatik eta emandako lorpenengatik oso harro gaude elkarte bezala”.
B trainerua ere kategoriaz igo dela gogorarazi du.