Oreretako lau gazteen aldeko elkarretaratzea egingo dute bihar (ostirala), Etorkizunaren Alde plataformak antolatua. 19:00etan da, Herriko Plazan.
Etorkizunaren Aldek aurretik egindako agerraldi baten irudia.
Martxoaren 11n, Iruñean atxilotu zituzten lau gazte oreretar, manifestazio baten ondoren izan ziren istiluen harira. Ordutik sei hilabete beteko dira astelehenean.
Horregatik, Etorkizunaren Alde plataformak, Nafarroako hiriburuan atxilotu zituztenen aldeko elkarretaratzea egingo du bihar (ostirala hilak 8), 19:00etan, Herriko Plazan. Atxilotuen gurasoen ekimenez abiatu zuten plataforma.
Atxilotuetako hiru Iruñeako espetxean daude; laugarrena, adingabea, aske dago. Ekainean Fiskaltzan deklaratzen izan zen.
Kasua Espainiako Auzitegi Nazionalak darama. Auzitegi Gorenak ekainaren 14an hartu zuen erabaki hori, izan ere, “terrorismo delitua” egotzi diete gazteei. Alta, apirilaren 11n, Nafarroako Auzitegiak ebatzi zuen gertaerak ezin zirela terrorismo gisa izendatu, auzitegi arruntean epaituak izan behar zirela, alegia.
Horregatik, Etorkizunaren Aldek bi eskaera nagusi ditu: espetxean dauden gazteak askatzea auzibidea bitartean, eta epaiketa balego, hori epaitegi arruntean egitea.