1936ko Gerrak zein gerra osteak eragindako Errenteria-Oreretako biktimei izen abizenak jarri nahi dizkio udalak. Horretarako, bi urtez luzatuko den ikerketa abiatuko du datorren asteazkenean Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean.
Oiarbide, Collar, Lopez Etxezarreta, Mendoza eta Rodriguez agerraldian.
1936ko Gerrak zein gerra osteak eragindako Errenteria-Oreretako biktimei izen abizenak jarri nahi dizkio udalak. Horretarako, bi urtez luzatuko den ikerketa abiatuko du datorren asteazkenean Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Frankismoak udalerrian utzitako biktimen oroimen historikoa ikertuko dute aitortza eta erreparazioa egiteko, eta hala onartu dute Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek.
Ekimenaren gaineko xehetasunak gaur eman ditu Julen Mendoza alkateak, Garazi Lopez Etxezarreta (EH Bildu), Jose Angel Sanchez (PSE-EE), Jon Collar (Errenteria Irabaziz) eta Garbiñe Oiarbiderekin (EAJ) batera egin duen agerraldian. “Orain arte bildu dira agiriak, badira anekdotak, idatzi da zerbait garaiari buruz, baina orain planteatzen ari garena azterketa sakona da eta bi urtez gauzatuko da”. Proiektuaren bidez, gainera, bereziki landu eta ezagutu nahi dutela emakumeek bizi izan zutenaren ikuspuntua gaineratu du.
Aurten ahozko testigantzak jasoko dituzte eta agiritegi ezberdinetako dokumentazio hustuketa egingo dutela azaldu du Mendozak, eta horren harira deialdia egin die herritarrei, “testigantzak jasotzeko bulegoa zabalduko da. 1936ko Gerra bizi, edo bizi zutenen seme-alabak edo ilobei dei egiten diegu testigantzak eman ditzaten, agiri ofizialek datuak ematen dituztelako, baina asko eta asko galdu egiten dira”.
1936ko Gerrak eragindako herriko biktimen kopurua ez dakite, “horretara goaz ikerketarekin kopurua eta egoerak ezagutu, eta izen eta abizenak jartzera. Ez dakigu zenbat izango diren, baina asko izango dira”, esan du Lopez Etxezarretak.
Ikerketa proiektu zabala beste iniziatibekin lagunduko dutela esan du alkateak. Hurrengo urtean, dokumentazio bilketarekin jarraitzeaz gain, informazio guztia argitaratua izateko prestatuko dute.
Asteazkenean abiatuko dute ekimena
Errekonozimendua, justizia eta erreparazioa helburu dituen egitasmoak hilaren 13an, datorren asteazkenean egingo du lehen urratsa. Ikerketa proiektua abiatzeko
Ele! Lorca Lauaxeta ikuskizuna eskainiko dute Niessen Kulturgunean 19:00etan hasita. Data hori ez da ausazkoa, nahita aukeratutakoa baizik. Egun horretan sartu ziren tropa frankistak Errenteria-Oreretan, eta sinbolikoki garrantzia duelako aukeratu dute antolatzaileek emanaldia aurkezteko. Iaz Federiko Garcia Lorcaren hilketaren 80. urteurrena bete zen. Urtebeteko aldearekin, 1937an, fusilatu zuten Esteban Urkiaga Lauaxeta euskal poeta. Biak modu berean hil zituzten: gazte eta askatasunaren aldeko borrokan.
Bi poeten obra ardatz hartuta, hitzen, musikaren, irudien eta antzerkiaren bidez, hain urrunekoak diruditen herri eta kulturek gizakiaren funtsezko balioetan bat egin dezaketela erakutsiko du ikuskizunak. Jon Maiarena da gidoia eta Josu Camarak zuzendu du ikuskizuna.
Ikuskizuna doakoa da baina txartelak jaso behar dira Niessen Kulturgunean, astelehenean 17:00etatik 20:00etara eta astearte eta asteazkenean 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Urrian eta azaroan jarduera gehiago egingo dituzte, horien artean hitzaldiak eta erakusketa bat.