Bost egun eta 67 ekitaldi santakrutzekin gozatzeko
Santakrutz egunean 500 lagun elkartuko dira arrantzale eta tartekoen bazkarietan. Berrikuntzen artean, musika emanaldiak ugaritzeko apustua nabarmendu dute.
Datorren asteazkenean hasiko dira santakrutzak eta dagoeneko jai giroa usaindu daiteke Lezon. Gaur aurkeztu dute jai egitaraua Jesus Maria Martiarena alkateak, Xanti Val Kultura saileko arduradunak, Noemi Arberas Berdintasun zinegotziak, eta Ainhoa Irazu Berdintasun teknikariak. Bost egun eta 67 ekitaldirekin osatu dute haur, gazte eta helduei begira iaz bezala, aurten ere aurrekontu apur bat handiagoarekin heldu den egitaraua. Egitarau horren atzean, lan handia, sakona eta dedikazio handia eskatu duena dagoela esan du Valek, “jai batzordeak beti bezala lan fina egin du. Horretan aritu dira herritar batzuk, lezoar guztiek gozatzeko aukera izan dezaten. Herritarrek herritarrentzat antolatutako jaiak izango ditugu aurten ere”. Eskerrak eman dizkie, beraz, eragile, elkarte eta norbanakoei, “emaitza aberatsa” lortzeko egindako lanagatik. Alkate Txikien pregoiak hasiko ditu jaiak hilaren 13an. Beraien ondoan, balkoian izango dira aurten sariak irabazi dituzten Lezoko dantzariak. Hortik aurrera dagoeneko erreferente bihurtu diren ekitaldiak izango dira, baina baita berritasunak ere. Santakrutz egunean ohikoak diren arrantzaleen eta tartekoen bazkariak egingo dituzte, lehenengoan 300 lagun bildu ziren iaz, eta bigarrenean, berriz, 220 lagun. Aurten ere kopuru horietan ibiliko dira. Herri kirolak, pilota txapelketaren finala, zezen suzkoa, baserritarren bazkaria, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolarien emanaldia, buruhandi eta erraldoiak, marmitako txapelketa edota Inude eta Artzainen desfileak osatuko dute egitaraua. Berritasunen artean, berriz, musika emanaldiak ugaritzeko apustua nabarmendu du Valek, “Lezoko Gazte Asanbladaren laguntza izan du horretarako jai batzordeak, eta ostiral eta larunbatean (hilak 15 eta 16) emanaldi politak ikusteko aukera izango da, eta giro ederra sortuko da. Katapulta Tour Gipuzkoak emandako laguntza ere eskertu behar dugu”. Jaia luze zabalean hedatuko dute, gainera, aurten, eta Jauregialdeko auzotarrei esker bertan ere antolatuko dituzte ekitaldiak, “dantza ikuskizuna, haurren jolasak, patata tortilla lehiaketa eta herri afaria izango dira bertan”. Bigarren urtez baserritarren eguneko ganadu feria Goiko plazan izango da, eta eguna amaitzeko giza proba antolatu dute. Iaz lehenengoz antolatutako haurren krosa errepikatuko dute aurten, gainera, “halako arrakasta izan zuen, aurten ere antolatzea erabaki duela jai batzordeak”. Larunbatean izango da hori, eta egun osoan zehar, gainera, puzgarriak izango dituzte Lopene plazan. Egitarau osoa Lezoko Kultura eta Jaiak APPan izango dela gogorarazi du Valek, eta hura deskargatzera animatu ditu herritar guztiak. Indarkeria matxistarik ez du onartuko Lezok Jaiak gozatzera deitu dituzte herritarrak zein bertaratzen diren guztiak, eta argi esan dute Lezok ez duela indarkeria matxistarik onartzen. Berdintasun teknikari Ainhoa Irazuk mendekosteetan gertatutako eraso sexistak gogora ekarri, eta eraso sexistarik gabeko jai parekideak nahi dituztela esan du: “Gauez zein egunez lasai kalera irten eta jaiez, gizonek bezalaxe, disfrutatzeko aukera izan dezagun, etxera bidean beldurrik izan gabe edota iraingarriak izan daitezkeen hitzik edota egoerarik jasan beharrik gabe”. Horrelako egoerak gerta ez daitezen, udalak eraso sexisten aurkako kanpaina berezia prestatu duela esan du Arberasek: “Kartelak herrian barrena eta pankarta udaletxeko balkoian jarriko dira. Horrekin batera, hiru trafiko seinale jarriko dira Lezok ez du eraso sexistarik onartzen leloarekin Lezoko sarrerako biribilgunean, erdialdean eta Donibanerako irteeran. Hilaren 15ean, ostirala, Emagin elkarteko karpa, Indarkeria Gabeko Gunea jarriko da Gurutze Santuaren plazan 18:00etatik 21:00etara”. Gune horrek, indarkeria sexistari aurre egiteko bitartekoak eskainiko dizkie bertaratzen direnei, informazioa jaso, iritzi eta bizipenak partekatu eta autodefentsa feminista aplikatzeko aholkularitza jasotzeko gunea izango da. Amaitzeko, eraso bat ikusi, entzun edo jasanez gero, erantzuteko eta salatzeko eskatu die udalak herritarrei.