Irabazi edo ez harrera egingo diete Hibaikako emakumeei Alabergako biribilgunean lehenik eta udaletxean, ondoren.
Hibaika dena ematera joango da berriro igandean, Kontxa etxera ekartzeko.
Irabazi edo ez, merezitako harrera jasoko dute Hibaikako emakumeek igandean Errenteria-Oreretan. hala jakinarazi du udalak eta harrera horretan parte hartzera deitu ditu herritar guztiak. Kontxako Banderan lortzen duten postua lortuta ere, 18:30ean Alabergako biribilgunean hasiko da ekitaldia. Ordu erdi beranduago udaletxera helduko dira eta ateak parez pare irekiko dizkiete arraunlariei.
Arraun elkarteak bestalde, jakinarazi du igandean hitzordua egin dutela Donostiara joateko. 08:30ean elkartuko dira Herriko plazan Kontxako estropadak ikustera joan eta Hibaikako emakumeak animatzeko. Arraun elkarteak, zaleen babesarekin “lehenengoz Kontxako Bandera lortzea” espero dutela gaineratu du.