EAJ ziur azaldu da egun Lezok duen birziklatze tasa handituko dela bost edukiontzien sistema herri osora zabaltzen denean.
Bost edukiontziak datozen asteetan zabalduko ditu udalak herri osora.
Datozen asteetan zabalduko dute Lezo osora hondakinak bost edukiontzien bidez jasotzeko sistema. Lezoko EAJk zoriondu egin du udal gobernu taldea erabaki horregatik, eta gainera, uste du birziklatze datuetan gora egingo duela Lezok, “hori baieztatzeko 5. edukiontzia duten eta bilketa emaitza onak dituzten zenbait herri daude: Olaberria (%86,4), Bergara eta Aretxabaleta (%79,8), Legazpi (%77,6), Arrasate (%78), edota eredu mistotik edukiontzi sistemara pasatu den Ormaiztegi (%87,9)”.
EAJk aipatu duenez, Lezon birziklatze tasa %74koa da, “Altamiran, edukiontzien sistema txertatuta egonik, %80 gainditu da. Atez ateko sistema ezarria duten herrietan, Seguran eta Zaldibian esaterako, %69,2 eta %74,6ko gaikako bilketa tasak dituzte. Horregatik baikor gara beste hainbat herritan gertatu den moduan bilketa datuak hobetuko ditugula”.
Bost edukiontzien sistema lezoarren gehiengoaren nahiari eta borondateari erantzuten dion “aldaketa eta erabakia” da herriko jeltzaleen aburuz, “datuek frogatu dute edukiontzi sistema erosoagoa, garbiagoa eta ekonomikoki jasangarriagoa izateaz gain, atez ateko sistema bezain eraginkorra edota eraginkorragoa dela”. Horregatik, EAJ ziur dago birziklatze datuak hobetuko direla, eta “aurreztutako dirua beste behar garrantzitsuetara bideratzeko” aukera nabarmendu du.
Hartara, bost edukiontzien sistema era egokian erabiltzeko eskatu die lezoarrei, “guztion ardura izango da bilketa datuak mantendu edota hobetzea”.