Oarsoaldeko AEKren matrikulazio kanpaina
Oarsoaldeko AEKk atzo aurkeztu zuen Lezon ikasturte honek dakarrena. Euskara ikasteko edo hobetzeko nahia edukitzea besterik ez dute eskatzen.
Oarsoaldeko AEKren matrikulazio kanpaina
Oarsoaldeko AEKk atzo aurkeztu zuen Lezon ikasturte honek dakarrena. Euskara ikasteko edo hobetzeko nahia edukitzea besterik ez dute eskatzen. Ordutegiei, metodologiari, prezioari eta hartzaile motari erreparatuta, hamaika aukera zabaldu dituzte aurtengo ikasturterako.
“Etxeko eta inguruko harremanak euskaraz izatea, lan egoera hobetzea eta bilatzen ari zaren euskara maila eskuratzea lortuko dugu”, diote bultzatzaileek. Erabileran oinarritutako metodologia aintzat hartuta, euskara ikasteko modu efektiboa eta praktikoa topatuko du euskaltegira hurbilduko denak, irakasteko modu afektiboaz baliatuta. Aurten 25 irakasle arituko dira eskualdeko herrietan zehar eta iaz ia 600 ikasle hurbildu zirela kontatu dute.
Hamaika aukera guztiongana iristeko
Euskaltegiez gain, edozein lekuetara hurbiltzeko prest azaldu dira. Ordutegi aldetik ere malguak izango direla iragarri dute; 07:00etatik 22:00ak arte. Egunero aritu ezin direnentzat txandaka aritzeko aukera dago, autoikaskuntza sistema aplikatuz. Maila eta behar guztietarako eskaintza daukate eta ikastaro bereziak ere egingo dituzte kolektiboentzat; gurasoak, langabetuak, merkatariak, gazteak…
Aurten, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikasleei begirako ikastaro bereziak azpimarratu nahi izan dituzte, EGA edo C1 mailako azterketa prestatzeko horiek. Astean saio bat edo bikoak izango dira. Beste maila askotara zuzendutako ikastaroak eskainiko dituzte, beti bezala (A1, A2, B1, B2, C, C2). Baita azterketa ofizialak prestatzekoak ere (B2, C1, C2, HABE, EGA, IVAP…).
Ikastaroak astean 4 edo 3 egunez emango dira, 2 edo 1,5 orduz. Egunean 4 orduko ikastaro trinkoak ere egin ahal izango dira. Azkeneko hauek doan izango dituzte langabeek. Gurasoek eta erretiratuek matrikulazio-prezio berezia dute ere. Oarsoaldean dirulaguntza-sistema “eredugarriak” daudela gogorarazi dute. Bezeroen eskaerak entzuteko prest daude eta haien beharretara moldatuko direla jakinarazi dute.
Informazio gehiagorako:
Lezoko Oroitzene AEK: lezo@aek.eus
Oiartzungo Intxisu AEK: oiartzun@aek.eus
Oreretako Xenpelar AEK: orereta@aek.eus
Pasi Antxoko Txirrita AEK: pasaia@aek.eus