Kezkatuta eta haserre azaldu dira gaur goizean EH Bilduko ordezkariak PSEk mugikortasunaren inguruan egindako proposamen berriarekin: TAO
Haritz Perez, Oihane Oronoz eta Juanra Cano EH Bilduko kideak Lonjako aparkaleku itxiaren aurrean
Kezkatuta eta haserre azaldu dira gaur goizean EH Bilduko ordezkariak, PSE eta EAJk mugikortasunaren inguruan egindako proposamen berriarekin. Bertakoek zein bisitariek aparkatzeagatik ordaintzea da euren proposamena, TAO ezartzea.
PSEk eta EAJk plan bat aurkeztu dute mugikortasuna arautzeko eta EH Bildukoak ez daude ados: “Udal gobernuak bi urte pasatu ditu mugikortasunaren inguruan ezer egin gabe, eta orain ikerketa bat eskatu dio udaletik kanpoko enpresa bati 30.000 euroren truke. Irtenbide bakarra lurgaineko aparkaleku plazengatik kobratzea dela esan dute, gainera”.
Koalizioak aurreko agintaldian hasi zuen plana ez jarraitzeaz gain, gobernu taldeak bestelako bide bat hartu duela adierazi dute: “Aurreko gobernuak jarritako neurriei kasurik ez diete egin, eta hau da orain egindako proposamen izarra, 140 orriko txosten bat. Lau barrutietako arazoak berdin-berdin definitu dituzte, gainera”.
EH Bilduren proposamena bertakoak lehenestea dela esan dute, “pasaitarron bizi-kalitatea hobetzea helburu”; oinezkoentzat espazioak, bizikletan ibiltzeko hobekuntzak eta pasaitarrentzat kostu ekonomikorik ez. Planteamendua herritarrekin lantzen jarraituko duela gaineratu du, “TAO jartzearen proposamenak ez du gure babesik izango”.
EH Bilduren bidetik at
“Antxon egoiliar sistema jarri genuen eta emaitzak izan zituela iruditzen zaigu: trafikoa jaitsi eta modu ordenatuan denontzako espazioa egotea lortu zen. Egungo gobernuak hori utzikeriaz galtzen utzi du. Hori ez da inondik inora konponduko kobratzen hasteagatik. San Pedron ezin dira hobekuntza gehiago eman EAJk lonjako parkinga geldituta duelako. Trintxerpen eta Donibanen ere hobekuntzak planteatu genituen”, adierazi dute.
Bide batez, dauden aukerak hartu eta irtenbideak emateko eskatu diete PSE eta EAJri, kanpotik ikerketak eskatzen aritu beharrean. “Eusko Jaurlaritzan dagoen EAJrekin eta Portu Agintaritzan dagoen EAJrekin hitz egin beharko lukete Luzuriagako eta lonjako aparkalekuak berreskuratzeko. Gure herria bigarren planoan geratzea lortzen ari dira eta Kaiko Herrerako proiektuan herritarrentzat aurkeztu ziren proiektu guztiak bertan behera uztea, eraikinez betetzeko”.