Urriak 22. Euskal dantza eta kantua kalera atera nahian antolatu du Muxikofesta Illunbe Musika Elkarteak.
Dantzan ibiltzen diren kideak Mufikofesta iragartzen
Urriak 22, hori da eguna. Euskal dantza eta kantua kalera atera nahian antolatu du Muxikofesta Illunbe Musika Elkarteak. Illunbe Dantza Taldeak eta Pasaia Musikalek ere parte hartuko dute.
Egun osoko egitaraua prestatu dute urriaren 22rako. Herriari bira emango diote kantuan eta dantzan eta animazioa ere egongo da: txaranga. 12:00etan abiatuko dira Gudari plazatik.
Ondoren frontoian bazkatzeko aukera egongo da: askotariko iberikoak, barrengorriak saltsan, itsaski-krema, bakailaoa, txahal masailak barazkitxoekin, txokolatezko browniea bainilla izozkiarekin, kafea eta infusioak. Prezioa 26 eurokoa izango da eta nahi duenak 2095 5003 13 1062629513 kontu korrontean egin beharko du ordainketa. Jarraian, erromeria egongo da Errebal taldearekin.
Herri guztia gonbidatu nahi dute egun honetan “nahi duen erara” parte hartzera. Konbinazio ugari egiteko aukera dagoela iragarri dute. Hau da, ez dela beharrezkoa ekintza guztietara joatea, bakoitzari interesatzen zaionera baizik; “librea eta irekia da”.
Muxiko ikastaroa aurretik
Egun honetan dantzatu ahal izateko edo dantzak jakiteko, besterik gabe, lau eguneko ikastaroa antolatu dute lehenik. Irailaren 27an eta urriaren 4, 11 eta 18an izango dira. 19:30etatik 21:30etara Karmengo Ama eskolan. Prezioa 20 eurokoa izango da. Ikastaroak Urko Mitxelenak emango ditu, Illunbe Dantza Taldeko irakasleak berak.
Izena emateko edo informazioa eskatzeko, baita Muxikofest egunekoa ere, 943 39 60 55 telefonora deitu daitekeela esan dute.