Langabeei begira Oarsoaldeko AEKren lau euskaltegiek duten eskaintza aurkeztu dute gaur.
AEKko ordezkariak langabeei begirako ikastaroak aurkezten.
Langabeei begira Oarsoaldeko AEKren lau euskaltegiek duten eskaintza aurkeztu dute gaur. Errenteria-Oreretako Lanbideren egoitzaren aurrean egin dute aurkezpena AEK kideek, izan ere Lanbidek eta HABEk euskara ikasteko prestakuntza sistema abiatu dute. Ez da hori langabeek euskara ikasteko duten aukera bakarra, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek, aurten ere abantailak eskainiko dizkiete euskara ikasi nahi duten langabeei.
Lanbide eta HABEren arteko hitzarmenari esker, Lanbideren prestakuntza jardueretan parte hartzen duten langabeek doan izango dituztela euskara ikastaroak edozein euskaltegitan esan du Borja Arbelaitzek, AEKren arduradunak. Bertan euskara ikasi nahi dutenek Lanbideren webgunean eman behar dute izena. Ikastaroa doakoa izateko, ezinbestekoa izango du izena emateko unean Lanbideren beste ikastaroren batean izena emanda egotea, edo azken hiru urteetan ikastaroren bat egin izana. Azken eguna izena emateko, urriaren 17an izango dute interesdunek, eta agiria, berriz, urriaren 20a baino lehenago eraman behar dute euskaltegira.
Oarsoaldeko lau udalek, berriz, abantailak ematen dizkiete langabeei euskara ikasteagatik. Lezoko Udalak, gainontzeko herritarrei bezala, %85eko asistentzia duten ikasleei matrikula osoa itzuliko die; Oiartzungo Udalaren laguntzari esker, gainontzeko herritarrek bezala, ikastaroaren erdia ordaindu beharko dute, eta %85eko asistentzia dutenei %20a itzuliko die; Pasaiako Udalaren laguntzei esker, hiru hileko ikastaro trinkoak doanik dituzte, eta ohikoetan, %85eko asistentzia badute diru guztia jasoko dute bueltan.
Errenteriako Udalaren kasuan, ikastaro trinkoak doan izango dituzte, eta ikasturte honetan aurreneko aldiz beste edozein ikastaroetan eman ahal izango dute izena ezer ordaindu gabe.
AEK-ko ordezariak argi mintzo dira: “Euskarak lan aukera gehiago eta hobeak eskaintzen ditu, errazago txertatuko gara lan merkatuan. Langabea bazara eta euskara ikasi nahi baduzu, aitzakia gutxi daukazu”.