Musika bandaren 200. urteurrena ospatzeko hainbat ekintza burutuko dituzte hurrengo asteetan.
200. urteurrenean, Konstantziako musikariei harrera ofiziala egin zieten Aldundian.
Konstantzia Sanjuandarra Musika Banda, Gipuzkoako bandarik zaharrena, 200 urte bete ditu aurten. Ibilbide luzea izateagatik eta Pasai Donibaneko historian izan duen paperagatik, omendu zituzten atzo. Pasaitar ugari bildu ziren, familiako kideak eta lagunak bereziki. Aldundiko eta Pasaiako Udaleko ordezkariak ere bertaratu ziren. Sarreran harrera ofiziala egin ostean, dantzari batek agurra dantzatu zien Konstantzia Bandako musikariei, baita beteranoei ere.
Ekitaldiak areto nagusian jarraitu zuen, bandaren errepaso historikoa eginez. Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Foru Diputatuak, Konstantziak Donibaneri egindako ekarpen kulturalak nabarmendu zituen. 200 urte hauetan, Konstantziak, herriko jaialdi ia guztietan parte hartu du, Donibaneko eboluzioaren lekukoa izan da beraz.
Karmele Urtxulutegi, Konstantzia Bandaren buruak jaso zuen Aldundiak eskainitako saria. Ekitaldi hunkigarriari amaiera emateko, bandako kideek bi abesti jo zituzten.
200 urteko ibilbide luzea ospatzeko, ekitaldi asko burutuko dituzte hurrengo asteetan Donibanen. Ospakizun sorta honi hasiera emateko, Konstantzia Bandak Donibaneko kaleetan joko du hilaren 29an, 19:00tik aurrera. Egitaraua anitza antolatu dute, 200. urteurrenean, San Juan-Koxtapek antolatutako trainerilla estropada urriaren zortzian edota herri bazkaria urriaren bederatzian, besteak beste. Musika Bandako kideek, ekintzetan parte hartzeko gonbita luzatu diete herritarrei.