Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta larri gaixorik diren euskal presoen egoeraren berri ematea dute helburu agerraldiaren bidez.
Uztailean Gogorzaren egoera salatzeko Sarek antolatutako mosaikoa.
Errenteria-Oreretako Sarek agerraldi masiboa egingo du larunbatean, eta bertan parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak. Herriko plazan izango da 11:45ean. Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta larri gaixorik diren euskal presoen egoeraren berri ematea dute helburu agerraldiaren bidez.
Basauriko espetxean dago Gogorza eta obsesio konpulsibo nahasmena du. Arrietaren kasua berriz, abuztuan jakinarazi zuten, eta orduan batu zuten gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen zerrendara. Algeciraseko (Andaluzia, Espainia) espetxean dago oreretarra eta espondilartropatia kroniko seronegatiboa HLA B 27 positiboarekin diagnostikatu diote.
Une honetan 13 euskal presok dituzte gaixotasun larri eta sendaezinak eta horietatik bi daude Euskal Herriko espetxetan.