Ernaik agerraldia eta argazki masiboa egin zuen atzo Herriko plazan.
Ernaik agerraldia egin zuen atzo.
Ernaik agerraldia eta argazki masiboa egin zuen atzo Herriko plazan. Aske nahi dutela, inori baimenik eskatu gabe esan zuten bildutakoek: “Ez dugu baimenik eskatuko historia idazteko, historia herriek egiten dutelako. Ez dugu baimenik eskatuko oraina eraikitzeko, oraina gu geu garelako. Ez dugu baimenik eskatuko libre bizitzeko. Lerratzeko unea heldu da, hori baita bizitzea, lerratzea”.
Kataluinari keinu egin zioten agerraldian: “Frankismoa ez zen Francoren heriotzarekin amaitu, ezta datozen urteetan ospatu zuten erreformarekin ere. Kataluniako erreferendumak ireki duen une zirraragarri honetan ez genuke begirada atzean iltzatu nahi. Hala ere, ezinbestean Euskal Herriko historia ukazioaren eta errepresioaren zurrunbilo beltzetik atera nahi baldin badugu, iragana begiratuz gure etorkizun eta oraina eraikitzeko ikasi beharrean gaude”.
Iniziatiba independentista 1978ko erregimenarekin “hausteko” iniziatibarik eraginkorrena” dela gaineratu zuten, “hala dela demostratzen ari da Kataluniako herria. Banka, oligarkiak, indar okupatzaileak, elizak eta alderdi politiko burges zein espainolista nagusiak unionismoarekin lerrokatu dira. Baina bada herri oso bat oldarraldi honi aurre egiteko prest. Bada herri oso bat kalean dagoena borrokarako prest. Visca Katalunya lliure!”.
Argazkia eginda amaitu zuen Ernaik agerraldia.