Festibal parte-hartzailea izatea nahi dute antolatzaileek. Udalak hainbat bilera burutuko ditu urrian
Maiatzean hartuko du Pasaiak lehen Itsas Festibala
Pasaiako badiak, lehen Itsas Festibala antolatuko du maiatzaren 17tik 21era. Ekitaldia herriarentzat aberasgarria izatea nahi du Udalak, baina batez ere, parte-hartzailea. Hala izan dadin, bilerak antolatuko dituzte urrian eragileekin nondik norakoak aztertzeko. Dena den, populazioaren ekarpenekiko interes handia dutela eta, nahi duen orori, parte hartzeko gonbita luzatu diote. Edozein galdera edo proposamen egiteko, Udalak
helbide elektroniko bat ahalbidetu du. Pasaiako elkarte eta eragileez gain, Gipuzkoako edozein kultur, kirol eta gizarte talde jarri daiteke haiekin harremanetan.
Ontzi eta ontzigintza tradizionalen topaketa izango da maiatzeko festibala. Pasaiak duen itsas ondareaz baliatuta, herria kulturalki berpizteko asmoarekin jaioko da Itsas Festibala. Jarduera ekonomikoaren dinamizatzailea ere izatea espero dute. Pasaiako izena nazioartean ezagutaraztea da xede nagusia, bere ikur nagusia eskainiz; itsasoa. Festibalak herrira jende gehiago erakartzeko euskarria behar du izan, maiatzean ez ezik, urte osoan zehar ere.