Udako etenaldiaren ondoren, Duintasunak kaleak hartuko ditu pentsio duin eta publikoen aldarria egiteko.
Duintasunak elkarretaratze eta manifestazioa egingo ditu astelehenean.
Udako etenaldiaren ondoren, Duintasunak kaleak hartuko ditu pentsio duin eta publikoen aldarria egiteko. Azken horien eta helduen zainketak “arriskuan” daudela salatuko du astelehenean egingo duen elkarretaratzean Herriko plazan 11.00etatik aurrera. Arriskuan batez ere datozen belaunaldientzat, “PSOE eta PPren gobernuek ezarri eta EAJk babestu ohi dituen erreformak aurrera egitea onartzen badugu”.
Pentsio eta zainketak “pribatizatzeko arriskua” nabarmendu du gainera Duintasunak. Lan ibilbidea amitu bezain pronto, adineko pertsonak “azkenengo hondar” bihurtzea ere leporatu dio Duintasunak gizarte kapitalistari. Datua ere eman du jubilatu eta pentsiodunen elkarteak: “Pentsiodunek %30-40 eros ahalmena galdu dugu”.
Hori guztia salatzera kalera irtengo dira astelehenean, eta herritar guztiak deitu dituzte bat egitera, “gure eskubideen defentsa, ekintza eta mobilizazio sozialik gabe ez dugulako aurrerabiderik izango”.