Helburua, elkarlana arintzea dela esan du Jokin Sukuntza zuzendariak, eta hortaz, errazago iristea harremana duten eragileengana.
Errenteria Musikalek webgune berria aurkeztu du.
Errenteria Musikalek webgunea berritu du. Helburua, elkarlana arintzea dela esan du Jokin Sukuntza zuzendariak, eta hortaz, errazago iristea harremana duten eragileengana. Itxura aldatuta, optimizatua, eta dotore, hala heldu da, barne harremanak zein kanpokoak hobetu nahi dituen webgunea. Gaur aurkeztu dute Sukuntzak berak, webaren arduradun Jon Berruezok eta Garazi Lopez Etxezarretak, Musika Patronatuko lehendakariak.
Bi ataletan banatuta, lehenengoan, eskolaren informazio nagusia, tutoretzak, ordutegiak, ekitaldiak eta harremanetarako bideak bildu dituzte. Bigarren atalean, berriz, bloga jarri dute. bertan, eskolaren egunerokotasunaren berri emango dute, ikasleen nota eta txostenak kontsultatzeko atala, eta argazkiak eta bideoak jarriko dituzte.
Udalaren komunikazio politikaren barruan kokatu du Lopez Etxezarretak berrikuntza, “komunikazio bateratua ematea da helburua udalaren barruko atal ezberdinen artean. Agenda bateratua osatze aldera aurrera pausua da”. Kultura eta gazteriaren webguneak berrituta, Errenteria Musikalena dator orain.
Musika ekoizpen ikastaroan plazak
Musika ekoizpen ikastarorako oraindik bi plaza daudela jakinarazi du bestalde, Sukuntzak, “herritar oro animatu nahi dugu bertan parte hartzera”. Ez da plazak libre dituen eskaintza bakarra. Musika mugimenduan 4 urteko eskaintzan bost plaza dira libre; 6 urtekoan, sei plaza; eta 7 urtekoan, 3 plaza. Eskusoinuan, tronboian, flautan, tronpetan, oboean eta trikitrixan bina plaza daude libre, eta fagotan, 1. Euskal dantzan azkenik, hastapen taldean (6 urte), hiru plaza daude libre.