Alex Agirretxe triatleta errenteriarrak Hawaiin egingo den Munduko Ironman Txapelketan parte hartuko du. Oarsoaldeko ordezkaria prest da jada lanari ekiteko.

Oarsotri taldeko kide da Alex Agirretxe.
Bi aste eskas falta dira Ironman lehiaketa hasteko, noiz zoaz?
Urriaren 2an goaz, nire bikotekidea eta biok. Egun oso bateko bidaia izango da. Hamabi egun lehenago joango naiz, jetlag-ak eragin ez dezan nire fisikoan, eta bertako girora moldatzeko.
Gogorra al da Hawaiiko klima?
Baldintza bereziak ditu bai, kezkagarriena hezetasuna da. Beroa ere espero da, 28 eta 30 gradu inguru, haize ufada handiak ere bai, baina hezetasunak gehiago kezkatzen nau.
Konan ospatuko dena, Munduko Ironman Txapelketa da, zertan datza proba?
Lau kilometro igerian, 180 bizikletan eta 42 kilometro korrika, maratoia. Konako txapelketaren berezitasuna, bertan parte hartzeko sailkatu beharra dagoela da. Mundu osoan egiten dira Ironman probak, baina soilik onenak sailkatzen dira Hawaiiko lehiaketara. Nik Lanzaroteko proban lortu nuen sailkatzea.
Zure bizitzako Ironman proba garrantzitsuena da?
Bai, zalantzarik gabe. Sei probetan hartu dut parte, denek dute xarma berezia, baina Hawaiikoak garrantzia berezia du niretzat. Munduko Txapelketan parte hartzea, urte askotako lanaren saria da. Oparitzat dut eta ongi pasatzeko asmoz noa. Gogor entrenatu dut eta sasoian nago, baina ez naiz itsutu.
Zein da orduan zure helburua Hawaiin?
Esan bezala, gozatu nahi dut, baina gauzak ongi eginez gozatu nahi dut. Bertako maila oso altua izango da, beraz, nire burua munduan non kokatzen den jakiteko aukera izango da. Ez dut ezer galtzeko, motibatuta nago eta indartsu sentitzen naiz. Prest naiz lasterketa ona egiteko.
Zein kiroletan moldatzen zara hoberen?
Bizikletaz. Gaztetan bizikletaz ibiltzen nintzen, nire familian afizio handia dago… ez zait arrotza egiten. Korrika egiten ere, nahiko eroso sentitzen naiz. Hala ere, nazioartean oso korrikalari onak daude. Igeriketan, ordea, zailtasunak ditut oraindik, maila ona dut, baina ez onenekin lehiatzeko adina. Zorionez parterik laburrena da igeriketan egin behar dena, 10-12 minutu inguru galtzea espero dut. 10 ordu inguru irauten duen proban, ez da hainbeste.
Denbora asko eman duzu Ironman txapelketarako prestatzen?
Ez hainbeste, ez naiz zoratu entrenamenduekin. Maiatzean, Lanzaroteko lehiaketaren ostean, atsedena hartu nuen. Oinarrizko lana egina nuen maiatzerako eta ez nuen nire gorputza gehiegi kaltetu nahi. Udaren azken zatian bai, gogor egin dut lan, baina ez dira saio luzeegiak izan. Ordu asko baino kalitatezko entrenamenduak egin ditut, gutxitan egin ditut bost ordu baino gehiagoko saioak. Batez ere, korrika asko egin dut, gainera ez dut lesiorik izan. Igeriketari dagokionez, ohiko lana egin dut. Hala ere, esango nuke igeriketa mailarik onenean nagoela.
Elikadura asko zaintzen dute kirolariek, dieta berezirik egin duzu?
Zaintzen dugu bai. Azken urteotan hainbat elikagai jateari utzi diot: glutena, esnekiak, azukre gehienak… aldaketa horiei esker sekulako hobekuntza sumatu dut nire gorputzean. Kirol honetan funtsezkoa da elikadura osasuntsua izatea, gorputzak kale egin ez dezan.
Finantzaketari dagokionez, Oarsoaldean babesle asko topatu dituzu?
Bai, herriko dendak izan dira gainera. Ciclos Iñakiren ekarpena oso garrantzitsua izan da. Gurpil pare bat eman berri dizkidate, goi mailako gurpilak. Donostiako Nutergia laborategiak ere lagundu nau, bitaminak eta antzeko elikagaiez arduratzen da; Nutriforcek gelak eman dizkit etab. Eta ezin dut ahaztu Oarsotriren laguntza eta babesa, batez ere, dirua biltzeko zozketa bat antolatu zutelako. Oarsoaldeko hainbat enpresa handiren babesa lortzen saiatu gara, baina ez dugu zorterik izan.
Erakunde publikoen babesik al duzu?
MenPe Kultur Elkarteko eta Oarsotriko kideak Errenteriako Udalarekin jarri ziren harremanetan, baina ez dugu erantzunik jaso.
Txapelketak dakarren kostu ekonomiko guztia zure kontu doa?
Hori da, sailkatzea oso garrantzitsua da, baina horrek ez du bermatzen partaidetza, ordaintzeko gai ez bazara. Garraioa, egonaldia eta izen ematea gure kontu doaz, oso garestia da dena, baina bizitzan behin biziko dudan bizipena da. Txapelketa ostean, gainera, oporrak han igaroko ditugu.
Oarsoaldeko ordezkari bakarra izango zara, Euskal Herritik beste inor doa?
Bederatzi edo hamar bat lagun gehiago doaz Euskal Herritik, Whatsapp taldea osatu dugu jada! Eneko Llanos profesional bakarra da, beste guztiak amateurrak gara. Ez gara gutxi, nik uste dut Euskal Herrian goi mailako kirolariak daudela. Espainiako Estatu osotik 52 kirolari doazela uste dut, horien artean hainbeste euskal herritar egotea seinale ona da.
Triatloia kirol gogorra da eta urteak aurrera doaz, zer moduz sentitzen zara?
Hurrengo urtean behintzat, aurten bezain sasoiko egon nahi dut. 35 urte ditut orain eta oso ongi sentitzen naiz, indartsu, baita burutik ere. Indar mentala oso garrantzitsua da proba luze hauetan, gorputzak bezala, buruak ere kale egiten duelako. Sasoi onean nagoen bitartean Ironman lasterketak egiten jarraituko dut.