Lezon gisa guztietako kultur ekitaldiak egingo dituzte udazkenak iraun bitartean. Orotara, 40 bat ekitaldi prestatu dituzte elkarlanean, asko haurrentzat.
Santi Angulo (musika eskola), Jesus Mari Martiarena (alkatea), Lander Zurutuza (liburutegia) eta Xanti Val (Kultura teknikaria), gaurko aurkezpenean.
Udalak, Andreone Udal Liburutegiak, eta Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolak udazkenerako kultur egitarau oparoa antolatu dute. Gaur aurkeztu dute. Orotara, 40 bat ekitaldi egingo dituzte (Gabonetakoak kontuan hartu gabe), eta horietatik ia erdia haurrentzat izango dira. “Haurren eskaintzari garrantzia berezia eman nahi diogu. Kontsumoaren ohituretatik atera, eta beste kultura mota bat badagoela azaldu nahi diegu haurrei”, esan du Xanti Val udaleko Kultura teknikariak.
Musika, literatura, antzerkia, ipuin kontaketak, magia, zinema… Eskaintza oso handia udazkenerako Lezon. Kulturarekin argia ikusiko du herriak udazkenean. Gaurtik hasita.
Valek, besteak beste, nabarmendu dituen artean daude
Jainko basatia antzerkia (igandean da, Gezalan, 20:00etan), eta musika emanaldien artetik abenduaren 17ko
Itzal zaunka kontzertu irudikatua, Jexuxmari Lopetegi eta Noizbehinkarena.
Gainera, Gezala Auditoriuma berritu dute, handitu dute herriko eta kanpoko taldeek erosoago lan egin dezaten bertan. Auditorio berrituaren estreinaldia ostiralean izango da,
Nahia eta Neo haurrentzako txotxongilo antzerkia taularatuko du bertan Rosa Martinezek 17:15ean.
Lander Zurutuza liburuzainak azaldu duenez, liburutegiko ipuin kontaketen aroa gaur hasiko da. Pello Añorgak
Ispilutxo kontatuko die 4-7 adin tarteko haurrei, 18:15ean hasita. Kontaketen zikloak zazpi emanaldi izango ditu (denak ordu berean, beti 4-7 adin tarteko haurrentzat), eta nabarmendu du kontaketez gozatzeaz gain, haurrak liburutegira hurbiltzeko eta hura ezagutzeko modua da ipuinena, bazkide izateko eta literaturaren unibertsora hurbiltzeko aukera zabalik izanda.
Zurutuzak OrriBakaR literatur lehiaketaren laugarren edizioaren berri eman du aldi berean. 6-15 adin tarteko haur/gaztetxoek, orri bakarrean eta edozein genero eta gai erabiliz, euren sorkuntzak aurkezteko aukera izango dute azaroaren 20tik 24ra; sarien banaketa abenduaren 15ean egingo dute: 100 euroko bonoa jasoko dute irabazleek literatura erosteko.
Literatura taldeek ere euren bilkurekin jarraituko dute udazkenean. Horien urteko azken bilkurak azaroaren 21ean (gaztelerazkoa, John Banvilleren
El mar landuko dute) eta abenduaren 13an dira (euskarazkoa, Itxaso Martinen
Ni, Vera aztertzeko). 18:15ean dira beti liburutegiko saio horiek, eta 2017ko azken bilkuretarako liburutegiak liburu horiek oparituko dizkie hala nahi dutenei. Ane Mayoz da euskarazko taldearen gidaria, Javier Mina gaztelerazkoena.
Musika
Gaurko aurkezpenean, Xanti Espina musika eskolako zuzendariak, udazkeneko musika ekitaldien traza nagusien berri eman du. Horrela, hilabete bakoitzeko hirugarren larunbatetan egiten diren kantu jirak, Santa Zeziliaren barruan azaroaren 18 eta 19an eskolako ikasleek emango dituztenak, eta abenduaren 1ean Euskararen Egunaren harira egingo den akordeoi audizioa nabarmendu ditu. Gabonetan egingo direnak, gehienak herriko beste eragileekin elkarlanean, ere aipatu ditu.
Gainera, abenduaren 16an bandaren kontzertu pedagogikoa izango dela adierazi du Espinak (haurrek parte har dezakete), eta abenduaren 21eko ekitaldi bereziaren berri eman du: Tomas Garbizuko ikasle eta irakasleek
Agure zaharraren oparia ipuin musikatua eskainiko diete lezoarrei eta hala nahi duten bisitariei (17:00etan, Gezalan).
Honakoak dira, egunez egun, urrian kultur arloan Lezok emango dituenak. Urtea bukatu arteko beste ekitaldien berri unean-unean emango du HITZAk. Hala ere,
Lezoko Udalaren webgunean ikus daitezke denak. Horrez gain, Lezoko Udalak
sakelako telefonoetarako aplikazioa du herrian gertatzen direnen berri zuzenean jasotzeko.
Urria
- Gaur, 18:15ean, liburutegian, Pello Añorgak Ispilutxo ipuina kontatuko du.
- Etzi (ostirala), 17:15ean eta Gezalan, Nahia eta Neo txotxongilo antzerkia emango du Rosa Martinezek.
- Hilaren 8an (igandean), 20:00etan eta Gezalan, Txalo Produkzioak-en Jainko Basatia antzerkia.
- Hilaren 11n, 18:15ean, liburutegian, Ixabel Agirresarobek Don don kikilikon ipuina kontatuko du.
- Hilaren 18an, 18:15ean, liburutegian, Mikel Susperregik Marinazkane eta bere zirikuak ipuina kontatuko du.
- Hilaren 20an, 17:30ean, Gezalan, Eriz magoaren saioa.
- Hilaren 21ean, 12:30ean eta Aiton Bordatik, kantu jira.
- Hilaren 21ean, 16:30ean, Gezalan, Zikoinak euskarazko filma. Ondoren, 18:35ean eta euskaraz ere, Paperezko hegazkinak lana.
- Hilaren 22an, 20:00etan, Gezalan, Maddi Oihenart eta Sokahots orkestraren kontzertua.
- Hilaren 25ean, 18:15ean, liburutegian, Birgit Vanderbeke-ren Muskuiluak afaltzeko lanarekin literatur solasaldia.
- Hilaren 29an, herriko kaleetan, Muxikoen Guinnes errekorraren urtebetea ospatzeko jaialdia.