Atlantikaldia heldutasunera iritsi da, handitu da. Kualitatiboki eta kuantitatiboki. Jaialdiaren antolatzaileak eta udala, pozik. Oso.
Landa, Mendoza eta Collar, gaur, Atlantikaldiaren ikurrarekin.
Handi eta heldu egin da Atlantikaldia. Eta aurten, iazko listoia altua izanagatik ere, handia izan da. Handitik handiagora egin du. Izan ere, iaz, Donostia 2016ren barruko hainbat ekitaldik Errenteriako itsasoaren festa indartu zuten. Aurten, hiriburutzaren gainekoak gabe, partaideen kalitatean eta horiek gozatzen egon diren herritar eta bisitarien emarian gora egin du. Eta gainera, herriko talde eta eragileek nortasun propioa eman diote jaialdiari. Hortaz, Atlantikaldiaren lantaldeko kideak, eta Errenteriako Udala, pozik. Oso pozik. Gaur egin dute Itsas Topagunearen balorazio publikoa.
Julen Mendoza alkateak adierazi duenez, egonkortu egin da Atlantikaldia. 2014ko lehen edizioko aurkezpenetan esan zuten bost urtean egonkortuko zela Atlantikaldia. Urtebetez aurreratu dute jaiaren oinarrien sendotzea. Eta alkateak ziurtatu du, zaila dela ulertzea egun Atlantikaldiarik gabeko Errenteria, “aurten, espektatibak erruz gainditu ditugu. Datozen urteei begira, beste erakundeekin ateak zabaltzen jarraitu nahi dugu. Erreferentzia da Atlantikaldia herritik kanpo ere”. 2018ko edizioaz galdetuta, 2017aren ajea kendu gabe oraindik, Mendozak adierazi du tamainaz jaialdia mantendu nahi dutela, baita kalitatea ere. Eta urte osoan zehar eman beharko litzatekeela Atlantikaldiaren barruan lankidetzan lanean eta sortzen izan direnen sinergia eta indarra.
Eta izaeraz ere mintzo da alkatea, nortasunaz. Ekitaldi, kontzertu bakarrak, beste inon errepikatuko ez direnak egiten direla azaldu du, eta horrek
izaera berezia eman diola jaialdiari. “Mapan kokatu du Atlantikaldiak Errenteria”.
Laura Landak, Atlantikaldiaren zuzendari teknikoak adierazi duenez, baikorra besterik ezin da izan Atlantikaldiak 2017an utzi duen arrastoa, inguruko jaialdi handien mailara iristeraino. Jaialdia bitartean herriko hainbat gune eraldatzeak (itxuraz eta edukiz), aurreiritzirik gabeko eremuak sortu dituela ziurtatu du, publiko ezberdinak erakarriz, gazteen parte hartzea ahalbidetuz (P
anierreko Kalekaia horren seinale).
Eta herriko txikienen parte hartzea ere nabarmendu du, adibide bat emanaz:
osteguneko Badator olatua! jardueran herriko ikastetxeetako 1.300 umek olatu erraldoi urdina egin zuten. Beste datu bat: Atlantikaldiko asteburuan, aurreko asteburuan baino 3.000 pertsona gehiagok erabili zuen EuskoTrenen topoa (haiek emandako datua da), herrira joan-etorria egiteko.
Herriko eragileen inplikazioa
Atlantikaldiaren aurtengo arrakastaren ideia nabarmenduz, horren zati herriko talde, eragile, merkatari, ostalari eta norbanakoak ere direla goretsi du Ion Collar Kultura zinegotziak, “laugarren urtez babesa eman diote jaialdiari, eta hori oso pozgarria da guretzat”.
Anitza da Atlantikaldia, ekitaldien izaeran, eta horietan parte hartzen dutenen jatorrian. Hori baloratu beharra dagoela adierazi du Collarrek, baikor gainera. Eta beste datu bat: Atlantikaldia bitartean aldez aurretik izena eman behar ziren jardueretako plazak, ia denak bete dira.