Jai parekideak izango dituzte aztergai lezoarrek hilaren 17an Kultura Aretoan egingo duten tailerrean. Oarsoaldeko udalek sustatutako jardueren barrukoa da.
Tartekoen Bazkariko artxiboko argazkia.
Jai parekideen gaineko iritziak bildu, eta gogoeta egiteko, tailerra egingo dute Lezon hilaren 17an (asteartea), 18:30etik 20:30era Kultura Aretoan. Jaien testuinguruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko, eta jarrera matxistak gaitzesteko kanpaina eta ekintzen barrukoa da tailerra, Oarsoaldeko lau udalen ekimenez abian dena.
Gaiaren gaineko aurre-diagnosia eginda dago eskualdeko udalerrietan. Orain, agiri hori herriz herri landu eta partekatu nahi dute, etorkizunerako erronkak identifikatzeko. Hala, Lezoren kasuan, bi jai nagusiei buruz eta auzoetakoen gainean hitz egiteko garaia iritsi da, betiere berdintasun printzipioen ikuspegitik.
Lezoko Udalak herritarrei eskatu die bertan parte hartzeko, ahalik eta iritzi eta ekarpen gehien bildu nahi dituztelako gogoeta ahalik eta osoena izan dadin.