Oarsoaldeko eta Bidasoko herriek ondare natural eta kulturalarekin bat egiteko hainbat bisita eta ekitaldi antolatu dituzte
Aizpitarteko leizean Oarsoaldeko lehen biztanleak bizi izan ziren milaka urtez.
Gipuzkoako Foru Aldundia bigarren urtez batu da Ondareari Buruzko Europako Jardunaldietara. Europako Batzordeak antolatutako iniziatiba honek, lurralde bakoitzeko ondarea ezagutarazi nahi du, jendeak balioan jarri ditzan bere inguruak eskaintzen dituen natura eta kultura aukerak. Tokian tokiko udalen babesa du ekinaldiak. Biztanleria batzeko nahiak bultzatzen ditu jardunaldi horiek, izan ere, ondarearen bitartez bizilagunak haien lurraldeaz harro egotea dute helburu nagusi. Hau da, turistak ez dira jomuga, baizik eta tokian tokiko biztanleria. Bertakoak inguruan dituzten altxorren berri izatea nahi dute.
Aurten, 83 eragile eta 40 udalerrik hartuko dute parte, tartean Bidasoko eta Oarsoaldeko udalerri gehienak. Ondoareari dagokionez, asko dute eskaintzeko bi eskualdeek, aurten are gehiago. Jardunaldien leloa Ondarea eta natura: aukeren paisaia bat da, ondare natural eta kulturalak batzeko asmoz. Bidasoaren eta Oarsoaldearen aniztasunak, lelo horrekin bat egiten du. Udalerri bakoitzak bere izaera eta berezitasunak gorde ditu urteak aurrera egin ahala, ondarea aberastuz.
Itsasoak eta landa lurrek topo egiten dute, testuinguru industrialetik nekazaritzara salto egin daiteke kilometro gutxian, eraikin modernoak eta duela milaka urteko bizilekuak uztartzen dira. Asko dute eskaintzeko Bidasoak eta Oarsoaldeak eta hala egingo dute hurrengo asteetan zehar antolatuko diren bisita gidatuetan, ibilbide kulturaletan, erakusketa fisikoetan, jardunaldi gastro-kulturaletan eta tailerretan. Ekintzetan parte hartzera deitu du aldundiak, ondare hura biztanleriarena baita. Bi eskualdetan ezezagunak diren bazterrak ezagutzeko aukera paregabea da, baita ezagunak diren lekuak beste modu batera ikustekoa ere.
Dagoeneko hainbat ekintza burutu dituzte bi eskualdeetan. Hondarribian Jaizkibel mendian aurki daitezkeen gotorleku militarretara bisita egin zuten joan den astean, edota Irungo Ola sagardotegiak, Sagastitik kupelera jardunaldi gastro-kulturalean parte hartu zuen.
Ondorengo zerrendan, aurrerantzean egingo dituztenak agertzen dira.
IRUN
- Hilaren 14an, 13:00tan, Hendaiako Kanetatik
Bidasoa ibaiaren bi bazterrak lotuko dituzte, Irun eta Hendaian zehar egingo duten bisita gidatuan. Ekosistema berezia duen gunea da Bidasoa, eta jendeari ondare natural horren berri emango diote. Naturaz gain, bi bazterrak batzen dituzten ikur arkitektonikoak bisitatuko dituzte. Hala nola, Hendaiako Kanetako Kai Txikia, Hiru Kanale, Galera irlak batzen dituen erromatar zubia, edota Junkaleko eliza.
ERRENTERIA-ORERETA
- Bihar eta etzi, 10:00-12:00, Zumardiko kioskotik
Industrializazioak ere tartea izango du Ondarearen Jardunaldietan. Manchester Txikia deitzen zuten Errenteria eta iragan industrial hura izango dute hizpide bisitara bertaratzen direnek. Industrializazioak Errenterian izan zuen eragina jorratuko dute, herriak XIX. eta XX. mendeetan jasandako eraldaketaz jabetuz. Fabrikek hartzen zituzten eremuetara joango dira, garaiko lantegi handiak zer ziren oroitarazteko. Hausnarketa sozialerako aukera izango da ere bai, emakumeen jarduna industrian nahiz lan baldintzak-eta mintzagai izango dira.
- Bihar eta etzi, 10:30-11:30, Zumardiko kioskotik
Haurrek ere industrializazioaren ondorio eta ondarearen berri izango dute. Sirena hotsen atzetik jarduera 5 eta 12 urte bitarteko umeak dituzten familiei zuzenduta dago. Industrializazioak iraganean izan zuen garrantziaz eta Oreretako nortasunean izandako eraginaz jabetuko dira haurrak, era entretenigarrian.
- Etzi, 10:ootan, San Marko Gotorlekutik
Lau Haizeta parkea Donostiak, Astigarragak eta Errenteriak partekatzen duten 600 hektareako eremu babestua da. Natura eta gizakiaren esku-hartze militarra nahasten dira Lau Haizetan. XIX. mendeko San Marko eta Txoritokietako gotorlekuek izaera berezia ematen diote. Era berean, Lau Haizetan duela milaka urteko aztarnak topa daitezke, larreetan zehar sakabanatuta dauden trikuharriak eta zistak, alegia.
- Hilaren 15en, 10:00tan, Listorreta-Barrengoloian, Aiako Harriko Parke naturaleko informazio bulegotik
Askok ez dute ezagutzen Euskal Herriaren historiaurreko ondarea aberatsa dela, eta are gutxiago ondare horren parte bat Errenterian dagoela. Aizpitarteko muinoko leize karstikoak Errenteriako Udalarenak dira, Natura 2000 Sarean babestuta. Oarsoaldeko lehen biztanleak kobazulo horietan bizi ziren, eta 30.000 bat urtez Aizpitarte izan zuten bizileku nagusi. Adituen arabera, Europako erreferente dira, Lascaux ala Isturitz leizeen mailako aztarnategia da Aizpitarte.
- Hilaren 21ean, 10:30-11:30, Kapitain Etxetik
Honako hau ere 5 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutako ekintza da. Azken urteotan, kasko historikoan egindako lanen ondorioz, interes arkeologikoa duten hainbat pieza agertu dira. Ondare arkeologikodun ale horiek ezagutarazteko jolastokia antolatuko dute Errenterian.
OIARTZUN
- Bihar, 11:30ean, Arditurriko meatze gunean
Leku isila izan arren, musikak Arditurriko meategiak hartuko ditu. Euskal Herriko zein Gaskoniako musikariek ezohiko kontzertua eskainiko dute Arditurrin, Ergoien auzoak bizitako eraldaketaren metafora egiteko. Lehen meatzaritzan eta nekazaritzan oinarritutako eremua, egun ia osorik hirugarren sektorera egokitu da. Bidegorriak, jatetxeek eta museoek eraldaketan nola eragin duten aztertuko dute.
- Etzi, 11:30ean, Altzibar auzoko plazatik abiatuta
Artikutza Donostiako lurraldea bada ere, Artikutzako tren historikoaren ibilbide gehiena, Oiartzungo lurretan zen. 28,5 kilometroko luzera zuen eta Goizuetako Elama eta Errenteria lotzen zituen. Oinez, bizikletaz edota korri egiten, ibilbide historikoa egingo dute, aztarnak agerikoak baitira. Oinezkoentzako, gainera, bisita gidatua egiteko aukera izango dute, Altzibarretik Eskasera.
- Hilaren 14an, 09:30ean, Luberritik
Aiako Harria granitozko mendia da, kareharriak dominatutako lurraldean. Harri mota horren jatorria ulertzeko eta inguruko paisaiak hobeto ezagutzeko txangoa egingo dute.
- Hilaren 28an, 17:00etan, Herri Musikaren Txokoa
Itsas eta landa ondareak uztartzeko asmoz Albaolako arotz tradizionalak Oiartzunera joango dira, San Juan baleontziaren pieza bat lantzeko. Berez, zeharo ezberdinak izan arren, itsas eta landa munduek duten elkarreragina plazaratu nahi dute jarduera honen bitartez. Txikienek ere lanean parte hartu ahalko dute, egurrezko itsasontziak eginez.
PASAIA
- Urriaren 22an, 09:30ean, Donibaneko sarrerako biribilgunetik (kotxeetan banatuko da jendea)
Paisaia paregabea izateaz gain, Jaizkibel mendiko itsasertza balio geologiko handiko eremua da. Mater ontzi museoa eta Luberri Oiartzungo Ikasgune Geologikoaren eskutik, ibilaldia antolatuko dute itsasertzak ezkutatzen dituen altxorrak ezagutzeko. Itsasertzeko naturguneak babesteko beharraz kontzientziatu nahi dute. Paisaia ikusgarri horiek ikusi ostean, ahalik eta garbien utziko dute itsasertza. Aisialdia eta naturarekiko konpromisoa uztartuko dituzte aldi berean.
- Hilaren 28an, 11:00-12:00 (gaztelaniaz), eta 12:30-13:00 (euskaraz)
Trintxerpe barrutiak badu alde ezezagun bat, arkitektura modernoaren erakusgarri izatea. Paisaiak, naturaz soilik ornitzen ez direla erakutsi nahi dute. Paisaia urbanoak etxeez harago doaz, Trintxerperen kasuan, eraikuntza modernistak herriaren historiaren parte dira. Arkitektura modernistak bat egin zuen Trintxerperen sorrera eta hazkundearekin, hortaz, eraikin soilak izateaz gain, herri baten istorio eta erakusle bilakatu dira. Naturaren berdea eta eraikinen grisa nahasterakoan, ondare kultural oparoa sortzen da bertan. Estilo arkitektoniko horren berri emango dute, Trintxerpeko barrutitik zehar bisita eginez.