Mirentxinen Oarsoaldeko taldeak bazkaria antolatu du azaroaren 4an Egiluze Sagardotegian. Helburua elkartasuna bermatzen jarraitzeko laguntza biltzea.
Mirentxingo Oarsoaldeko taldeko gidariek bazkaria antolatu dute azaroaren 4rako.
Kilometroak eta kilometroak egiten dituzte, asteburuak errepidean pasa, eta berdin du beroa, elurra, edo ura izan bidean. Ez doaz oporretara. Ez dira ofizioz gidariak. Boluntarioak dira. Astebururo beren senide edo lagunak ikustera joateko ehunka kilometro egin behar dituzten euskal presoen senide eta lagunak eramaten dituzte espetxe atarietaraino, bidaia luzeegia delako, modurik ez dutelako heltzeko bestela, edo elkarren babesean errazago egiten delako. Boluntario horiek, bestela, posible ez liratekeen bisitak egi bihurtzen dituzte.
Frantziako Estatuko Poitiers, eta Espainiako Estatuko Herrera de la Mancha eta Huelvako espetxeetara joaten dira Oarsoaldeko Mirentxingo gidariak normalean, baina beharren arabera, Murtzia, Galizia edota Andaluziako beste espetxetaraino ere heltzen dira. Elkartasunez egiten dute, boluntario, eta furgonetak dituzte tresna. Horiek ordea, elikatu behar dira, errebisioak egin, eta berritu zahartzen doazen neurrian, eta horretarako ezinbestekoa dute beraiek ere elkartasuna jasotzea. Bisitarik gabeko presorik egon ez dadin, eta elkartasunak etenik izan ez dezan, bazkaria egingo dute azaroaren 4an Mirentxingo Oarsoaldeko gidariek. Errenteria-Oreretako Egiluze sagardotegian antolatu dute, eta 30euro balio ditu txartelak.
Txartelak azaroaren 1a arte erosteko aukera izango da, Errenteria-Oreretan Landare tabernan, Lezon Tiñelu tabernan, Oiartzunen Txokolategian, eta San Pedron Antxetan. Sagardotegira autobusez igotzeko aukera izango da. Autobusa 13:00etan irtengo da Zumardiko geltokitik.