Udalaren arreta leihatila bakarrean egiteko bidean urrats berria egin du udalak. Izan ere Zu! Zure Udala herritarrak artatzeko gunea egokitzeko lanak hasiko ditu udalak astelehenean.
Gracia eta Karrikiri gaurko agerraldian.
Udalaren arreta leihatila bakarrean egiteko bidean urrats berria egin du udalak. Izan ere
Zu! Zure Udala arreta zerbitzua egokitzeko lanak hasiko ditu udalak astelehenean. Horren berri eman dute Jaione Karrikiri alkateordeak eta Eñaut Gracia Informazioaren Gizartea eta Parte Hartze zinegotziak gaur goizean egin duten agerraldian.
Egokitzeko lanek bi hilabete eta erdi iraungo dute. beheko solairu osoaren egokitzapena egingo dute eta lanak amaitzen direnean arreta zerbitzua beheko solairu guztian emango zaiela herritarrei azaldu du Graciak, “gaur egun ezagutzen dugun espazioan zein diru bilketa eta errenta dagoen lekuan”. Astelehenean hasiko dira lanak errentak eta diru bilketa egiten duten espazioan, eta bien bitartean udal sarreran emango dituzte zerbitzu horiek eta arreta. Lana horiek amaituta, gaur egungo arreta egiten den espazioa birmoldatuko da eta diru bilketa eta errenta eremuan emango dute zerbitzua.
“Herritarrak administrazioaren erdigunean” jarri nahi dituela udalak erantsi du Graciak, “horregatik aritu gara aldatzen tramiteak, barne funtzionamendua eta arreta emateko modua ere aldatu egingo da. Orain modu batera egiten da, egoki, baina uste dugu hori ere hobetu daitekeela eta horregatik landuko dugu espazioa”.
Espazioarekin batera, arreta ordutegia ere moldatuko du Errenteriako Udalak, “udal moderno eta hurbila” sortzeko. 2018ko urtarriletik,
Zu! Zure Udala zerbitzua martxan jartzen duenetik 07:30etatik 15:00ak arte egunero, eta astearte eta ostegunetan 07:30etik 20:00ak arte izango da zabalik. Ordutegi berriarekin “herritarren beharretara” moldatu nahi dutela azaldu du Graciak, “jende askok lan egiten du bulego ordutegiarekin eta ezinezkoa du bestela udalera etortzea”.
Zerbitzu berriarekin jauzi kualitatiboa emango du udalak herritarrei arreta emateko moduan Graciaren hitzetan, “besteak beste, tramite guztietan formatutako zortzi pertsonek emango dute arreta. Horrekin batera espazio fisikoa ere moldatuko da, herritarra eserita eta modu eroso eta pertsonalizatuan artatzeko. Gainera bi espazio pribatu ere izango dira, delikatuak diren gaiak modu diskretuagoan lantzeko”.
Aldaketa guztiek helburu bakarra dutela gaineratu du, “herritarra udalera etortzen denean puntu bakar batean artatua izatea, tramite guztien gainean profesional bakarrak bidera dezan. Paperak izatea mugitzen direnak, eta ez herritarrak”.
Plan estrategikoa
Udalaren berrantolaketa Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren barruan kokatu du Karrikirik: ” Lan ildoetako bat ongi komunikatutako herri bat sortzea zen. Erronka horrek, udalak herritarrekin erlazionatzeko darabilen antolaketa eredua eta sistema telematikoa birpentsatzea suposatzen zuen, eta hausnarketa horretatik sortu zen herritarren arreta zerbitzu integral bat abian jartzeko beharra”.
ZU! zerbitzua 2018ko urtarrilean bihurtuko du errealitate udalak, baina aurretik lan handia egin behar izan du. Karrikirik emandako datuen arabera, 2015etik ari da barne lanetan udala, egun egin daitezken 200 tramitetik gora banan bana errebisatzen, “horiek sinplifikatzen, espediente elektronikoa txertatzen, eta beharrezko azpiegitura teknologikoak ezartzen ZU! zerbitzua martxan jartzeko”.
Obren zatirik ikusgarrienari ekingo dio udalak astelehenean Herritarren Arreta Zerbitzua eraginkor, erabilgarri eta erakargarri egiteko herritarrentzat: “Horretarako espazio irisgarria, diafano eta atsegina sortuko da. Udalera tramitea egitera doan edozein herritar eroso sentiaraziko duen espazio bat”.